Gizartea -
Kordobako umeak
Seme-alabak parkean galdu zituela argudiatzen jarraitzen du Bretonek
Ruthen eta Joseren aitak berriz ere deklaratuko du epailearen aurrean, hilaren 12an.
Erredakzioa
Jose Breton 2011ko urrian Kordoban desagertu ziren Ruth eta Jose umeen aitak bi seme-alabak parke batean galdu zituela argudiatzen jarraitzen du oraindik.
Jose Maria Sanchez de Puerta horren abokatuak azaldu duenez, Bretonek ez du "koma bat ere" aldatuko bere adierazpenetan, eta, beraz, "ez du egin ez dituen gertaerak aitortuko".
Epaile instruktoreak bi hilketa delitu egotzi dizkio, eta abokatuak horren berri emateko bisitatu du espetxean.
Halaber, "Las Quemadillas" etxaldean atzemandako hezurrak gizakienak direla ondorioztatu duten azken txostenak (guztira lau dira) igorri dizkio, edukia "ondo ikasi" eta hilaren 12an epailearen aurrean egin behar duen agerraldia presta dezan.
Jose Luis Rodriguez Lainz epailearen arabera, Breton seme-alabekin iritsi zen "Las Quemadillas"era urriaren 8an, 14:00etan. Bertan, hil egin zituen (oraindik ez dakite nola), eta ondoren sute bat piztu zuen, gorpuak errausteko.
Suak tenperatura altua izateko eta ke handirik ez sortzeko helburuz, gainera, labe bat eraiki zuen, metalezko xafla batekin.