Gizartea -
Indarkeria matxista
Epailearen aurrera eramateko zain, atxilo dute Donibane Lohitzunen hilda agertu den emakumearen bikotekidea
Hilketa leporatuta, Baionako komisarian dago atxilotuta. Pertsona hau bera atxilo hartu eta aske utzi zuten apirilaren 14an, hilda agertu den emakumea Ziburuko hotel bateko bosgarren solairutik erori eta larri zauritu ostean.
EITB Media
Polizia ikertzen ari da atzo Donibane Lohizuneko (Lapurdi) hotel batean indarkeria zantzuekin hilda agertu zen emakumearen kasua. Bitartean, Baionako komisaldegian dute atxilotuta ustezko hiltzailea (bere bikotekidea), epailearen aurrera noiz eramango zain. Atxiloaldia, baina, bihar arratsaldera arte luza diezaiokete, gehienez.
Bihar, 11:00etan, kasu horren inguruko xehetasunak emango ditu prentsaurrekoan auzia bere gain hartu duen Jerome Bourrier fiskalak.
Duela bi aste Ziburuko hotel batean balkoitik "erori" eta larri zauritu zen emakumea da hilik aurkitu zutena.
Donibane Lohizuneko erdiguneko Paris hoteleko gela batean aurkitu zuten hilotz 34 urteko emakumea.
Bere bikotekidea atxilotu egin zuten, hilketa leporatuta. Baionako Fiskaltza "bikotekideak aurrez pentsatuta egindako hilketa" gisa ikertzen ari da kasua.
Apirilaren 14ko gertakarietan ere atxilotu zuten gizonezkoa, 35 urtekoa, eraso matxista leporatuta, baina aske utzi zuten, hipotesiari eusteko froga faltagatik eta, emakumea
Hasiera batean pentsatu zen bikotekidearengandik ihes egin nahian-edo, emakumeak IBIS hoteleko bosgarren solairutik salto egin zuela. Gero, bere buruaz beste egin nahi izan zuen hipotesiak hartu zuen indarra. Baionako prokuradorearen arabera emakumearen aurrekari psikiatrikoetan oinarrituta hartu zen erabakia.
Orduan, Polizia-iturri batzuk aipatuta, Sud Ouest egunkariak zabaldu zuen gizona jada "begitan" zutela, indarkeria matxistagatik.
Emakumea desagerturik zegoen maiatzaren 1etik.