Gizartea -
Erasoa Bakion
Gizon bat atxilotu dute, Bakioko erasoaren egilea izatea leporatuta
Atxilotuak 32 urte ditu eta Brasilekoa da. Igande honetan deklaratzera deitu zuten. Labankadaz zauritutako neska larri dago, baina egonkor. Haren mutil-laguna ospitaletik atera da jada.
Erredakzioa
Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du astearte honetan, Bakioko erasoaren ustezko egilea izatea leporatuta. 32 urteko gizonezkoa da, brasildarra, eta Bakion bertan atxilotu dute, bere etxebizitzan.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, 16:30ean atxilotu dute gizonezkoa, giza hilketaren saiakuntza delitua egotzita. Igandean deklaratzera deitu zuten.
Bestalde, labankada jaso zuen 18 urteko neskak larri jarraitzen du Gurutzetako ospitalean, baina egonkor dago. Birika zulatuta du eta erreanimazio unitatean dago. Familiaren arabera, baina hobera egin du.
Gaztearen bikotekidea, 17 urteko mutil bat, ospitaletik atera da igande goizean.
Elkarretaratzea
Bestalde, Bakioko Udalak elkarretaratzea deitu du Udaletxe plazan, bi gazteei elkartasuna adierazteko eta "eraso eta indarkeria adierazpen guztiak salatzeko". Ehunka lagun bildu dira bertan.
Iker Muruaga alkateordeak Radio Euskadin azaldu duenez, Bakion "ez da ohikoa tankera honetako gertakizunak jazotzea". Horren ustez, gertatutakoa "larria" da, "herri txikietan umeak eta nerabeak bakarrik joan ohi baitira kaletik".Tabakoa nahi zuen
04:30ean gertatu zen erasoa: bat-batean gizonezko batek bikoteari eraso egin zion Bakio eta Bermeo batzen dituen errepidetik zihoazela. Bikotearen lagunek ETBri egindako adierazpenen arabera, biktimei gizon bat gerturatu zitzaien eta tabakoa eskatu zien. Tabakorik ez zutela esan ziotenean, erasotzaileak labana atera zuen eta neskari sastada eman zion.
Bakioko San Pelaio auzoan gertatu zen erasoa, bertako ur-araztegiaren parean.