Gizartea -
Sutea Malagan
Milaka pertsona atera dituzte etxeetatik Malagan sute bat dela eta
Ojen herrian, lau mila pertsona irtenarazi dituzte beren etxeetatik, eta larrialdi zerbitzuen arabera, bi zauritu izan dira.
Erredakzioa
Coin, Mijas, Alhaurin de la Torre, Ojen eta Marbella herrietan zeuden milaka pertsonak beren etxeak utzi behar izan dituzte, ostegun arratsaldean piztu zen sute baten ondorioz. Suteak bi zauritu eragin ditu, horietako bat egoera larrian.
Sutea atzo hasi zen, Sierra Negrako Cerro Alaminos izeneko inguruan, Coin herrian. Dagoeneko, Andaluziako Gobernuak emergentziazko bigarren maila ezarri du, hori dela eta Estatuko baliabideak erabili eta Larrialdietarako Unitate Militarra bertaratzeko aukera izango du Gobernuak.
Oraingoz, 250 aditu baino gehiago ari dira sutea itzaltzeko lanetan, eta Javier Carnero Malagako Ingurugiro ordezkariak azaldu duenez, “kasuaren larritasuna kontuan hartuz, sutea kontrolatzen ari direla dirudi”.
Bi zauritu; bat egoera larrian
Ojen herrian, lau mila pertsona irtenarazi dituzte beren etxeetatik, eta larrialdi zerbitzuen arabera, bi zauritu izan dira herri horretako El Rosario izeneko urbanizazioan.
Biktimetako batek erredurak ditu bere gorputzaren % 50an, beraz egoera larrian dago. Zauritu biak Costa del Sol Ospitalera eraman dituzte.
Suteak 30 kilometro egin ditu, eta aipatutako bost herri horietako hainbat urbanizazio eta etxebizitza hustuarazi ditu. Gaua pasatzeko asmoz, hainbat hotel eta aterpetxe jarri dituzte etxeak utzi behar izan dituztenen eskura.
Griñan
Jose Antonio Griñan Andaluziako Gobernuko presidentea suak erre duen ingurua ikuskatzera joan da, egoera bertatik bertara aztertzeko.