Gizartea -
BORJAKOA EZ DA BAKARRA
Beste 'ecce homo' batzuk
Borja herriko ecce homoak beste astakeria piktoriko batzuk atera ditu argitara, Aragoin.
Erredakzioa
Dagoeneko, munduan ezaguna den Borjako (Zaragoza) santutegiko ecce homoak beste kasu batzuk atera ditu argitara sare sozialei esker; Aragoiko Sariñena herrikoa, esate baterako. Herri horretako monasterioan dauden freskoak ume txiki batek egindakoak dirudite.
"Osmonegros" blogak argitaratu du albistea. Bertan, margolari amateur batek Fray Manuel Bayeu Goyaren koinatuak egindako freskoak marraztu eta koloreztatu zituen duela 50 urte. Ume batek marraztutako artzainen irudi erlijiosoak diruditela esaten du blogak.
Orri horren arabera, "beste astakeria piktoriko bat da", baina hori Aragoin egin zuten. Ecce homoaren antzera, "beste hondamendi bat" dela uste dute blogaren egileek, eta kultur ondare izendatu zutenez, "babestuta" egon behar lukeela gaineratu dute.
Horren arabera, Bastaras ahizpen (eraikinaren jabeak) iloba batek marraztu zituen freskoak, klaustroko horma batzuetan, igeltsuaren gainean, oso zaharkituta eta hondatuta dauden Bayeuren pintura baliotsuetatik gertu.
Sariñenako monasterioaren egoera kaskarrarekin lotu dute gertatutakoa, eta, beraien ustez, Aragoiko Gobernuaren eta eraikinaren jabeen "erabaki faltak" eta "utzikeriak" ekarri dute gertatutakoa. Gobernuak kultur intereseko ondasun izendatu zuen Sariñenako monasterioa 2001ean. Margolari amateurrak egindako irudiak ez dituzte zaharberritzetzat hartu, ez baitiete originalei eragiten. Sare sozialetan "Monegroseko ecce homoa" izena jarri diete.
Bayeurek San Brunoren bizitza azaltzeko egin zituen 32 margolan zeuden horman marraztu ditu.
Gobernuaren eta jabeen arteko polemika
Aragoiko Gobernuak eraikina konpontzeko, zaintzeko eta publikoari irekitzeko eskatu die Sariñenako monasterioko jabeei. Ahizpa bat hil eta gero, jabeek monasterioa erkidegoaren eskuetan utzi nahi izan zuten, ondorengotza zerga kitatzeko, baina Exekutiboak ez zuen onartu.