Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakumeen salerosketaren aurkako lege proiektua onartu du Espainiako Gobernuak, biktimei eskubideak emateko
Aurreko legealdian aurrera egiterik ezin ez zuen egitasmoa da honakoa. Biktimak jarriko dituzte erdigunean: ez dituzte Estatutik kanporatuko, bizitoki eta lanerako agiriak emango dizkiete eta laguntzak jasoko dituzte, salaketa aurkeztu barik ere.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Gobernuak emakumeen salerostekoaren kontrako legearen aurreproiektua onartu du gaur, Emakumearen Nazioarteko Egunean. Arauak biktimak jarriko ditu erdigunean, eta eskubideak aitortuko dizkie. Gehienak egoera irregularrean heltzen diren atzerritarrak dira, eta legeari esker, ez dituzte Estatutik kanporatuko, bizitoki eta lanerako agiriak emango dizkiete eta laguntzak jasoko dituzte, salaketa aurkeztu gabe ere.
Ana Redondo Berdintasun ministroak eman du egitasmoaren ildo nagusien berri, prentsaurrekoan. Aurreko legealdian aurkeztu zen proiektua da berez, baina ez zuen aurrera egiterik izan.
Legeak emakumeen salerosketa mota guztiak izango ditu jomugan: lan esplotazioa, sexu esplotazioa, derrigortutako ezkontzak egiteko salerosketa, organoak eskuratzeko salerosketa...
Aurreproiektua da onartutakoa, eta beraz, oraindik kontsultarako erakunde batzuen oniritzia behar du (Botere Judizialaren Kontseilu nagusia eta Fiskalen kontseilua, besteak beste). Bien bitartean, salerosketen biktimekin lanean ari diren elkarteekin lantaldea osatuko duela iragarri du Redondok, emakumeok behar dituzten neurriak "hobeto zehazteko".
"Legeak ez du asmo zigortzailerik. Prebentzioan, sentsibilizazioan eta biktimen babesean dago oinarrituta. Emakumeen salerosketaren mota guztiei egin nahi die aurre, hala eskatzen baitute Varsoviako eta Istanbulgo hitzarmenek eta nazioarteak", nabarmendu du.
Dokumentazioa, laguntzak eta bestelako eskubideak
Berdintasun ministroaren arabera, biktimei bizitoki eta lanerako behin-behineko baimenak jasotzeko eskubidea aitortuko diete. "Oso garrantzitsua da, emakume hauek beldurrak jota bizi baitira; babestu eta lagundu behar ditugu", erantsi du.
Halaber, egoera irregularrean dauden emakumeak ez dituzte Espainiako Estatutik kanporatuko, eta salaketa aurkezten ez badute ere, hainbat eskubide eta laguntza aitortuko dizkiete, hala nola, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera jasotzeko aukera, etxebizitza publiko bat eskuratzeko lehentasunezko taldeko kide izatea, lege aholkularitza eta kalte-ordainak (salerosketa sareei atzemandako ondasunen kontura).
Bestalde, Redondok azaldu du ministroen kontseiluak berdintasunarekin lotutako beste neurri batzuk hartu dituela. Hala, "Bai bakarrik da bai" legearen 42. artikulua garatzeko konpromisoa hartu dute, tratu txarren biktimek jasotzen dituzten laguntzak sexu indarkeriaren biktimen esku ere jartzeko.
Horrez gain, Estatuko Administrazio Nagusian jazarpen eta abusuaren kontrako protokoloa berritu dute.