Gizartea -
Indarkeria matxista
Lau atxilotu Bilboko klub batean emakume bat sexualki esplotatu eta langileak legez kanpo erroldatzeagatik
Hiru lagun Bilbon atxilotu dituzte, eta laugarrena, Valentzian. Poliziak jakin duenez, klubean 'madame' lanak egiten zituen emakumeak bere etxean erroldatzen zituen klubeko langileak, eta Espainian egoera erregularrean zeuden guztiak.
Agentziak | EITB Media
Lau lagun atxilotu dituzte, hiru Bilbon eta bat Valentzian, Bilboko klub batean emakume bat sexualki esplotatzeagatik eta emakumeak legez kanpo erroldatzeagatik.
Espainiako Barne Ministerioak azaldu duenez, Bilboko Atzerri eta Mugetako Brigadak salaketa bat jaso ostean abiatu zuten ikerketa. Emakume batek sexu-esplotazioko biktima zela salatu zuen.
Salaketan azaldutako gertaeren larritasuna ikusita, aipatu brigadako ikertzaile talde batek salatzailea aurkitu zuen eta galdeketa egin zion. Hark azaldu zuenez, Espainian garbitzaile edo zerbitzari gisa lan egingo zuela agindu zion gizon batek, baita erroldatzen lagunduko ziola ere. Emakumeak, bere egoera ekonomiko kaxkarra ikusita, onartu egin zuen eskaintza.
Horren esanetan, Valentziara iritsi zen lehenik, Italiatik zetorren hegaldi batean. Aireportuan zain zuen gizonezko hori, ezagutzen ez zuen beste gizon batekin batera, eta Valentziako pisu batera eraman zuten. Bahituta izan zuten han, hamar egunez atera ezinik, eta, ondoren, Bilbora eraman zuten, beste pisu batera.
Emakumeak esandakoaren arabera, Bilboko pisu horretan ere atera ezinda izan zuten aste eta erdiz, bi gizonezkoren zaintzapean. Horietako batek sexu-harremanak izatera behartu zuen, "lana nola egiten zuen probatu" behar zuela esanda.
Bigarren pisu horretatik, Bilboko lokal batera eraman zuten gero. Hamar bat emakume zeuden bertan, prostituta gisa lanean, 'madame' rola betetzen zuen emakume baten zaintzapean. Lokal hartan, emakumearen lehen kontaktua zen gizonezkoak esan zion 2.000 euro gastatu zituela hegazkin-txartel, ostatu eta bidaietan, eta prostituitu egin beharko zuela zorra kitatzeko.
Egun batzuk prostituitzen eman ostean, Kantabriako lokal batera eraman zuen gizonak, eta 15 egunez egon zen han, harik eta, azkenean, egoera jasan ezinda, Poliziaren aurrean salaketa jartzea erabaki zuen arte.
Erakunde kriminala
Kontakizunak egiazkoa zirudiela eta emakumearen zaurgarritasuna kontuan hartuta, agenteek lekuko babestuaren estatusa eman zioten. Gainera, beharrezko ikerketak egin ondoren, biktimak emandako bertsioa baieztatu zuten, eta erakunde kriminala bost kidez osatuta zegoela jakin zuten: atzerriko nazionalitatea zuten bi pertsona, horien artean haren kaptatzailea, Bilboko pisuan neska kontrolatzeaz arduratzen ziren bi bizkaitar eta Bizkaiko hiriburuko lokalean 'madame' gisa ziharduen emakume bat.
Gainera, jakin zutenez, azken horrek Bilboko bere etxean erroldatzen zituen erakunde krimilarentzat lan egiten zuten emakumeak, eta egoera irregularrean zeuden guztiak Espainian. Hori baliatzen zuten haien gaineko kontrol handiagoa lortzeko, egoera bereziki ahulean baitzeuden.
Horregatik guztiagatik, eta nahikoa froga bildu ondoren, Bilboko Atzerri eta Mugen Brigadako ikertzaileek Bilboko pisuan neska gazteak kontrolatzeaz arduratzen ziren bi pertsonak atxilotu zituzten, eta, aldi berean, Valentziako Atzerri eta Mugen Brigadako kideek kaptatzailea atxilotu zuten hiriburu horretan. Halaber, hurrengo egunetan, prostituzio-lokaleko arduraduna atxilotu zuten Bilbon, eta auzia ikertzen ari den Instrukzioko Epaitegiaren esku utzi zituzten guztiak.
Ikerketak zabalik jarraitzen du biktima gehiagoren bila, horiek ere babeste aldera.