Gizartea -

Zirkulazioa

Hiru dolu egun Tuteran, lau gazteen heriotza dela eta

22, 13, 12 eta 10 urteko lau tuterar hil dira bart autoan zihoazela Mejana ubidera erori eta itota. Lehen informazioen arabera, gehiegizko abiadurak eragin du ezbeharra.

Tuteran istripua izan duen autoa. Argazkia: Efe
Tuteran istripua izan duen autoa.
Istripua Tuteran: Lau gazte hil dira, tartean hiru adingabe

03:28

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tuterako (Nafarroa) Udalak hiru dolun egun deitu ditu herriko lau gazteren (tartean hiru adingabe) heriotza dela eta. Autoan zihoazela Mejana ubidera erori eta itota hil dira bart. Hildakoen omenezko hileta-elizkizuna bihar izango da.

Doluak gaurtik igandera arte iraungo du. Udaleko alderdi politiko guztietako bozeramaileek urgentziaz hartutako erabakia izan da, Luis Casado alkateak jakitera eman duenez.

Alkateak Udal osoaren elkartasuna eta babesa helarazi nahi izan die biktimen senideei eta lagunei.

Istripua

Hildakoak M.N. E. , 22 urteko gidaria, eta hiru adingabe dira, 13, 12 eta 10 urtekoak. Hiru horiek atzeko eserlekueta zihoazen. Adingabeetako bik jatorri marokoarra dute.

Istripua gauerdia baino minutu batzuk lehenago izan da. Lau gazteak auto batean zihoazen eta Tuterako Mejanako ubidera erori dira. Tuterako suhiltzaileek atera dituzte hildakoak.

Autoak leihoa irekita zeukan eta beste inor uretan ote zegoen arakatzen ere ibili dira suhiltzaileak, baina ez dute inor aurkitu.

"Gehiegiozko abiadura"

Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Javier Gonzalez Vazquez Udaltzaingo eta Herrizaingo zinegotziak esan duenez, "lehen informazioaren arabera, gidariaren arduragabekeriak eta gehiegizko abiadurak eragin dute istripua".

Zinegotziaren arabera, istripua Udaltzaingoaren kuarteletik 100 metrora gertatu da, "bihurgunerik gabeko tartean, eta galtzada egoera onean dago". Gonzalezen hitzetan, "istripuaren irudia izugarria zen, bihotza hunkitzen duen horietakoa".

Gertatutakoa argitzeko ikerketa abian da eta hilotzak Tuterako beilatokira eraman dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea