Gizartea -

Auto-istripua

Jundizko legez kanpoko lasterketako bi gidariei arduragabekeriak eragindako homizidio delitua leporatu diete

Aske utzi dituzte, kargupean eta kautelazko neurriekin. Ausarkeriaz gidatzea eta zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eragitea leporatu die epaileak bi akusatuei. Bestalde, gidatzeko baimena eta pasaportea kendu dizkiete, eta epaitegian astero azaldu beharko dute.

Istripua Jundizen. Argazkia: EITB
Istripua Jundizen. Argazkia: EITB
Istripua Jundizen. Argazkia: EITB

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaileak aske utzi ditu, karguekin eta kautelazko neurriekin, Jundiz industrialdeko (Gasteiz) legez kanpoko lasterketan parte hartu zuten bi gidariak. Lasterketa horretan, hirugarren auto batekin istripua izan zen, eta hartan zihoazen bi gazte hil ziren. Epaileak "ausarkeriaz gidatzea eta hirugarrenen bizitza mespretxatzea" egotzi die, bai eta "arduragabekeriak eragindako homizidio delitu bana" ere. Gainera, gidabaimena eta pasaportea kendu dizkie, eta astero epaitegira joan beharko dute.

Gidarietako bat arin zauritu zen istripuan, eta gaur guardiako epaitegian deklaratzera deitu zuten. Beste inplikatua atzo atxilotu zuen Udaltzaingoak, Atestatuen Unitateak gertakariak argitzeko egindako ikerketaren barruan.

Epailearen aurrean deklaratu dute biek, eta epaileak behin-behinean aske utzi ditu, ikerketak aurrera jarraitzen duen bitartean.

Antza denez, bi gazteak gama altuko auto bana gidatzen ari ziren abiadura handian, eta elkarren aurka legez kanpoko lasterketa bat egiten ari ziren. Une jakin batean, BMW batek, abiadura handian zihoala, Volkswagen Poloa jo zuen, une horretan aparkalekutik bidera sartzen ari zena.

BMWa baino askoz txikiagoa zen auto horretan, lau gazte zihoazen: horietako bi, 18 urteko neska bat eta 20 urteko mutil bat, hil egin ziren; beste bat oso larri zauritu zen, eta laugarren batek, kopilotuak, lesio arinak egin zituen.

BMWko gidariak (23 urte) negatibo eman zuen alkohol- eta droga-probetan.

Atzo, ustez BMWarekin lehiatzen ari zen ibilgailuaren gidaria atxilotu zuten, eta, beraz, berretsi egin zuten poliziaren hipotesia; hau da, istripu hilgarrian inplikatutako auto hori beste ibilgailu batekin legez kanpoko lasterketa batean parte hartzen ari zela.

Iñaki Gurtubai Gasteizko Segurtasun zinegotziak zehaztu du atxilotu duten auto-gidariak alde egin zuela istripua gertatu zen lekutik, eta segurtasuneko kamerei esker harrapatu duela Udaltzaingoak. 

Horren arabera, BMW urdin bat eta BMW gris bat ari ziren lasterketa batean lehiatzen, eta ziztu bizian zihoazela, bidera atera omen zen Volkswagen Poloa. BMW urdinak jo zuen Poloa, eta zinegotziak esan du auto horren gidariak, larri dagoenak, "arduragabekeriaz" jokatu zuela edo "hanka-sartze handia" egin zuela errepidera atera zenean.

Zinegotziak azpimarratu du ikerketak aurrera jarraitzen duela, baina gertatutakoaren nondik norakoak nahiko argi daudela, xehetasunak falta diren arren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Euskal Herrian Araba Delituak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa Gazteak gaur