Gizartea -
Titular nagusiak
Albiste izango dira: Alexandru Ionitaren epaiketa; Jundizeko istripua, eta greba itunpekoetan, akordio bila
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko urtarrilak 16, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Alexandru Ionitaren erasotzaileen kontrako epaiketa: Bigarren saioari ekingo diote gaur, erasoaren ikerketan parte hartu zuten ertzainen lekukotasunekin. Alexandru Ionitaren amak bere semeari ustez jipoia eman zioten zazpi akusatuei "zertarako" eta "zergatik" egin zuten galdetu zien atzo, epaiketaren lehenengo saioan. 2021eko uztailaren 25ean jipoi bortitza eman zioten gazteari Zornotzako parke batean, eta, ondorioz, egoera begetatiboan dago ordutik.
- Jundizeko istripua: Gasteizko Udaltzaingoa ausarkeriaz gidatzeagatik ikertzen ari da asteburuan Jundizko industrialdean istripua izan zuen BMWko gidaria. Larunbat goizaldean 21 urteko gizon bat eta 18 urteko emakume bat hil ziren Gasteizen, Jundizko industrialdean, gama altuko BMW batek Polo auto bat jota.
- Greba itunpekoetan, akordio bila: Kristau Eskola patronalak bilera batera deitu ditu sindikatuak gaur, "jarrerak gerturatzeko", eta itunpeko ikastetxeetan hitzarmen berri bat sinatu ahal izateko, urtarrilerako eta otsailerako antolatutako grebak bertan behera utzita.