Gizartea -

EGURALDIA

Errege Magoek hotza, euria eta elurra ekarriko dute

Ostiralean fronte hotz bat iritsiko da eta tenperaturak jaisten hasiko dira. Larunbatean zaparradak izango ditugu lurralde osoan eta elurra egin dezake 700 metrotik gora. Eguraldiak hotzetik jarraituko du hurrengo astean ere.

Elurra Gasteizen 2023ko urtarrilean.
Elurra Gasteizen 2023ko urtarrilean.
Elurra Gasteizen 2023ko urtarrilean.

A.A.E. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezin dugu jakin Errege Magoek opari asko ekarriko ote dituzten, baina nahikoa argi dago euren iritsierarekin eguraldiak okerrera egingo duela nabarmen. Bizi dugun urtaroarekin bat datorren eguraldia izango dugu: badatoz hotza, euria eta elurra.

Ostiralean, urtarrilaren 5ean, giro ezegonkorra izango dugu eta tenperaturek beheranzko bidea hartuko dute. Prezipitazioak lurraldearen ekialdetik sartuko dira eta denbora gutxian Euskal Herri osora hedatuko dira. Ipar isurialdean ugariagoak izango dira.

Arratsaldean, erregeen kabalkaden orduan, aire hotza sartuko da goi geruzetan eta ekaitz guneak sortuko dira ipar isurian.

Elur-maila 900 edo 1000 metro inguruan kokatuko da.

Larunbatean, urtarrilaren 6an, tenperaturen jaitsiera askoz nabarmenagoa izango da lurralde osoan. Ekaitz giroarekin jarraituko dugu eta zaparradak botako ditu egun osoan zehar, batez ere Kantauri isurialdean.

Elurraren maila 800 edo 1000 metrotan kokatuko da goizean, baina arratsaldean 700 metrora jaitsiko da.

Neguko eguraldi honek jarraipena izango du igandean eta datorren asteko lehen egunetan. Tenperaturak oso hotzak izango dira barnealdean; maximoak 5 gradutik behera geldituko dira. Beraz, izotza ager daiteke eta maila baxuetan elurra ikustea posible izan daiteke.

Iragarpenaren berri une oro jakin daiteke "Eguraldia"ren webgunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak