Gizartea -
Elkarriezketa Euskadi Irratian
Hiesaren "prebentzioa, diagnosia eta kutsatutakoen bizi-kalitatea", Osasun sailaren lehentasunak
Hiesaren Nazioarteko Egunaren harira, Gotzone Sagarduik azpimarratu du, pandemiatik eta "euste" bolada batetik etorrita "askatasunez jokatzeko" gogoz dagoela gizartea eta, sexu-transmisioko infekzioen gorakada ikusita, agian "gehiegi lasaitu" direla herritarrak.
Olatz Prat | EITB Media
Hiesaren Nazioarteko Egunaren harira Euskadi Irratian ostiral honetan egin dioten elkarrizketan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azpimarratu du kasuek gora egin izanaren atzean hainbat arrazoi daudela, besteak beste "lasaitasun gehiagoz" jokatzea eta "estigmaren erruz" diagnosiak berandu egitea. Hori dela eta, nabarmendu du Osasun sailaren lehentasunak direla GIBaz kutsatzearen prebentzioa indartzea, prebentziorik egon ez denean diagnosiak ahalik eta lasterren egitea eta, kutsatutakoen bizi-kalitatea ahalik eta gehien hobetzea.
Sagarduiren iritziz, pandemiak ekarri zuen "euste" hori behin amaituta, "askatasun gehiagoz jokatzeko" gogoz gaude herritarrak eta "agian gehiegi lasaitu gara". Gaur egun HIESaz oso jende gutxi hiltzea positiboa da inondik inora Sagarduiren ustez, baina, horrek berak, eta aurrerapen zientifikioei esker "gaixotasuna kronifikatu" izanak, "larritasun" sentsazioa arintzea ekarri duela uste du eta hori ere izan daitekeela kasuak igotzearen arrazoietako bat.
Gainera, oraindik estigmatizatua dagoen kontua izanik, herritarrek farmaziara edo osasun etxeetara joateko erreparoak dituztela uste du, emaitzaren beldur delako, eta horrek badu, bere iritziz, ondorio zuzen bat, "diagnostikoak atzeratzea", alegia.
GIBa ez ezik, sexu-transmisioko gainerako infekzioen prebentzioan ere lanean jarraitu behar dela azaldu du eta Jaurlaritza horretan saiatzen ari dela. Sexu-transmisioko gaixotasunak artatzeko kontsultek gainezka egin ote duten galdetuta, Sagarudiuik ziurtatu duenez, Osakidetza, "larriak diren kasu guztiak artatzen ari da eta larriak ez direnetan zerbitzuak indartzen saiatzen" ari dira, "nahiz eta itxaron zerrendak kasuren batean luzatu diren". Hala ere, "beharrezko ikusi den tokietan eskaera igoerari erantzuteko lantaldeak indartu" direla azpimarratu du.