Gizartea -

Bizkaia

Tutoretzapeko Bizkaiko zentro batean adingabe batek salatutako sexu-eraso bat ikertzen ari dira

Aldundiak dio protokoloak "etengabe berrikusten" ari direla, adingabeei "zerbitzurik onena" emateko.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak ez du iritzirik eman adingabe batek salatutako sexu-eraso baten inguruan. Erasoa tutoretzapeko zentro batean izan zen, eta gai horren inguruan ikerketa bat ireki dela ziurtatu du Arrizabalagak. Halaber, foru erakundea "protokoloak etengabe berrikusten" ari dela adierazi du, bere ardurapean dauden adingabeei "zerbitzurik onena" eman ahal izateko.

Foru Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Arrizabalagak bere iritzia eman du, El Correo-k argitaratutako informazio bati buruz galdetu diotenean; hain zuzen ere, tutoretzapeko etxebizitza batean adingabe batek beste bati egindako sexu-eraso baten salaketari buruz.

Aldundiko bozeramaileak ez du "xehetasun gehiago" eman nahi izan gai "oso delikatu" horren inguruan, adingabeak direlako. Era berean, gertatutakoari buruzko ikerketa abiatu dutela adierazi du, eta, beraz, "ez dela horretan esku hartu behar".

Foru erakundeko iturriek azaldu dutenez, Ertzaintzan salaketa bat jarri ostean, adingabeen epaitegiak eta fiskaltzak gertatutakoa ikertuko dute eta beharrezko eginbideak egingo dituzte, eta Aldundiak ikerketarekin lagunduko du, "eskatzen zaionean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Salaketak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak albisteak gaur Eraso sexualak gaur Bizkaiko Foru Aldundia