Gizartea -
'Curiosity'ren misioa
Marte, bereizmen handian
Curiosity robota Marteko argazki panoramikoak igortzen hasi da, eta NASAk Interneten jarri ditu.
Erredakzioa
Curiosity esploratzaileak bereizmen handiko lehen irudiak eta lehen argazki panoramikoak bidali ditu Martetik, NASAk jakinarazi duenez.
Lehen irudia robotaren hagan dagoen kamera batek egin du. Argazkia zuri-beltzez egina dago, eta horretan haran bat ikus daiteke. Lurrean harri txiki ugari daude, eta atzealdean mendi-serra bat dago. Hain zuzen ere, Gale kraterraren mugako mendiak dira.
Beste argazki batean, Curiosityren "burua" eta mastilaren itzala agertzen dira. Irudi horiez gain, 360 graduko panoramika bat ere igorri du robotak.
Lehen argazkiak tantaka iristen ari dira. Izan ere, lehenik eta behin Curiosityren sistemak onik dauden egiaztatu behar izan dute, eta ondoren instalatu dute haga.
Duela bi egun, ibilgailu esploratzaileak koloretako lehen argazkia egin zuen, baina bereizmen txikikoa zen, beste kamera batekin egina baitzegoen.