Gizartea -
Indarkeria, futbolean
Aske utzi dituzte Ion Aranbururi emandako jipoiagatik atxilotutako 20 lagunak
Epaileak karguekin aske utzi ditu, baina karguak ez daude lotuta Aranburu koman utzi zuen jipoiarekin, desordena publikoekin baizik. Donostiarraren senideak "haserre eta triste" agertu dira ebazpen judizial horren berri izan ostean.
EITB Media
Epaileak karguekin aske utzi ditu Ion Aranbururi emandako jipoiarekin lotuta azken orduetan atxilotutako 20 pertsonak, baina karguak ez daude lotuta Aranbururi koman utzi zuen jipoiarekin, desordena publikoekin baizik, EITB Mediak jakin ahal izan duenez. 44 urteko donostiarraren senideak "haserre eta triste" agertu dira gaur, ebazpen judizial horren berri izan ostean.
Ion Aranburu koma egoeran egon zen hainbat egunez, Sorian, Numancia eta Cornella futbol partidaren aurretik, burua estalita zuten pertsona batzuek eragindako zauriak tarteko.
Astelehenean, hainbat pertsona hartu zituzten atxilo Soriako hiriburuan, besteak beste, Mariano Granados plazan (erdigunean).
Jipoia maiatzaren 27an jazo zen. Antiguako bizilaguna Kataluniako lagun batekin Soriara joana zen, Numancia eta Cornella taldeen arteko norgehiagoka ikusten. Partida talde katalanak irabazi zuen, eta, horren ondorioz, Soria mailaz jaitsi zen.
Aranbururen familiak eta lagunek azaldu zutenez, donostiarra taberna batera joan zen, eta bertan bi taldeetako zaleak zeuden, "errespetuzko giro onean". Hala ere, "50 faxista kaputxadunek" eraso egin zioten, eta, harrikada baten ondorioz, konortea galdu zuen. Soriako ospitalera eraman zuten lehenik, eta, ondoren, Burgosekora, Soriako hiriburuan baliabide nahikorik ez zegoelako.
Senideen hitzetan, "erasoa guztiz antolatua izan zen, beste leku batzuetako kide faxisten parte-hartzearekin". Salatu zutenez, Numancia futbol taldeko hainbat ultra (Orgullo Numantino taldekoak, besteak beste) egon ziren jipoian nahastuta, baina baita Zaragozakoak eta Leganesekoak ere. Egun horretan bertan 60 pertsona inguru kapea batekin ospatzen ari ziren talde horietako baten sorreraren urteurrena.
Kapea amaitu ondoren, gehienak autobusez joan ziren futbol estadioaren ingurura, partida hasi baino ordu batzuk lehenago. Autobusa uztean, aurkako taldeko kideak zeuden lekura joan ziren, haiei eraso eginez, bake publikoa aldatuz eta bertan zeuden adinekoak eta adingabeak arrisku-egoera batean jarriz. Bat-bateko egoera bortitz horren ondorioz, non objektu sendoak jaurti ziren, Aranburuk zauri oso larriak izan zituen.
Hasiera batean, lau pertsona atxilotu zituzten gertatutakoarekin zerikusia zutelakoan, baina, deklaratu ostean, aske utzi zituzten horiek ere.