Gizartea -
Sahararren kanpamentuak
Kooperanteak, Tindufera bidean berriz
30 kooperante inguru, tartean Mundubat euskal GKEko kideak, Tindufera itzuliko dira gaur, Atzerri Ministerioak kanpamentuak ebakuatu eta gero.
Erredakzioa
Hamarka ekintzaile, tartean Sahararen aldeko elkartetako kideak eta Mundubat euskal GKEko kooperanteak, Tindufera (Aljeria) abiatuko dira gaur berriz, herrialde horretako agintariek eta Fronte Polisarioak atzerritarrei eskaintzen dieten segurtasunean "konfiantza" dutela erakusteko.
Joan den astean, Espainiako Gobernuak dozena bat kooperante ebakuatu zituen Tindufetik, bertan espainiarrak bahitzeko plan bat atzeman eta gero.
Gaur Madriletik abiatuko den bidaiak larunbata arte iraungo du, eta Saharar Herriaren Lagunen Elkarteetako Koordinakundeak antolatu du. Elkarte horrek "urtero Tindufera egin ohi diren ehunka bidaiekin bukatu nahi izatea" egotzi dio Jose Manuel Garcia-Margallo Atzerri ministroari.
Ekintzaileek eta kooperanteek laguntza humanitarioa eta sendagaiak eramango dituzte sahararren kanpamenduetara, eta kooperazio proiektuak bertan behera ez uzteko deia egingo dute.
Gurutze Gorriak, Intermonek eta Bakearen Aldeko Mugimenduak ez dute erabaki oraingoz noiz itzuli Tindufera, baina lehenbailehen egin asmo dute.
Bien bitartean, GKE horien proiektuak ez daude geldirik; Tindufeko langileekin lanean jarraitzen dute, Espainiatik aginduak emanda.