Gizartea -

Matxismoa

Ibaiondo Bilboko emakumezkoen futbol taldeak bere jokalariek Basaurin jasandako irain matxistak salatu ditu

Gertaeren berri eman diote Bizkaiko Futbol Federazioari, baina Federazioak ez du inolako neurririk hartu, epaileak ez baititu aktan jaso egindako irainak. "Esan digute ez dagoela zer eginik", salatu dute jokalariek.

Ibaiondo futbol klubeko hainbat jokalari. Argazkia: EITB MEDIA
Ibaiondo futbol klubeko hainbat jokalari. Argazkia: EITB MEDIA
Ibaiondo futbol klubeko hainbat jokalari. Argazkia: EITB MEDIA

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibaiondo Bilboko emakumezkoen futbol taldeak urriaren 28an Basaurin Kimuak etxeko taldearen aurka jokatzen ari zirela bere jokalariek irain matxistak jaso zituztela salatu du.

Sare sozialen bidez zabaldutako ohar batean, Bilboko klubak salatu du bere jokalariek "hitzezko eraso matxistak" jaso zituztela, besteak beste honelakoak entzun behar izan zituztelako: "Hau futbola ala balleta da?" eta "Ole, nola egiten dieten salto titiek!".

Klubak gaitzetsi egin ditu irain horiek, eta, azaldu duenez, epaileak "planto egiteko modari" ez jarraitzeko eta jokatzen segitzeko eskatu zien jokalariei hasiera batean, berak ere irainak jasotzen dituelako eta, berak bezala, "eutsi egin behar dutelako". Hala ere, jokalariek eskatuta, partida hiru aldiz gelditu zuen, azkenekoan erasotzaileetako batzuk zelaitik kanporatzeko.

Klubak gertakarien berri eman zion Bizkaiko Futbol Federazioari, baina horrek ez du neurririk hartu, epaileak ez baitzituen aktan jaso jokalariei egindako irainak. "Esan digute ez dagoela zer eginik", salatu dute jokalariek.

"Klubetik, gure jokalariek bizi izan zuten egoera ezagutarazi eta salatu nahi dugu, onartezina baita egoera horiek edozein kirol-instalaziotan gertatzea eta inolako eraginik ez izatea", esan du klubak zabaldutako oharrean.

Bestalde, Kimuak Basauriko klubak ohar baten bidez jakinarazi duenez, partidan zehar ikusle talde bati kargu hartu behar izan zioten, "jokalariak animatzeko moduagatik", baina, horren arabera, "ez epaileak, ez klubaren ordezkariak, ez zuten irain matxistarik entzun".

Era berean, partidaren koordinatzailea klubaren aurka "oso pertsona aktiboa" izatea gaitzetsi du, eta, nolanahi ere, irain matxistak entzunez gero, Poliziari deitu behar zaiola gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Bilbo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa