Gizartea -

NASA-ren misioa

'Curiosity' esploratzailea Martera heldu da

Ibilgailua 07:32an lurreratu da planeta gorrian. Hurrengo bi urteetan, bizi arrastoak bilatuko ditu.

Curiosityk Martetik igorritako lehen argazkiak. EFE
Curiosityk Martetik igorritako lehen argazkiak. EFE
'Curiosity' Martera heldu da

01:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NASAren 'Curiosity' ibilgailu esploratzailea lurreratu egin da gaur goizean Marten, bederatzi hilabeteko eta 567 milioi kilometroko bidaia egin ostean, planeta gorrian bizi arrastoak bilatzeko.

AEBetako Espazio Agentziak baieztatu duenez, robotak Gale kraterrean hartu du lurra, 07:32an.

Ibilgailua azaroaren 26an aireratu zen, tripulaziorik gabeko Atlas 5 kohete batean.

Hurrengo bi urteetan, robotak espedizio geologikoa egingo du Gale kraterrean, Sharp mendian (Marteko ekuatorearen hegoaldea). Zientzialarien ustez, krater hori duela 3.500-3.800 milioi urte sortu zen, hots, Martek, Lurrak eta Eguzki sistemako gainerako planetek meteorito bonbardaketa handiak jasotzen zituzten garaian.

Kraterrak 154 kilometro zabaleko fosa bat dauka, eta barruan 5 kilometro hondakin pilatu dira. Zientzialariek uste dute aspaldi kraterrean zeuden hondakinez sortu zela mendia.

Misio honekin, ikerlariek Marteren historia geologikoa ezagutu nahi dute, eta etorkizunean planeta horretara gizakiak bidaltzeko misioa prestatzen hasteko datuak bildu.

Obama: "Aurrekaririk gabeko garaipena"

Barack Obama AEBetako presidenteak adierazi du "historikoa" dela 'Curiosity' Martera iritsi izana.

"Gaur, Marte planetan, AEBek historia egin dute", esan du presidenteak, Etxe Zuriak publikatutako prentsa ohar batean.

Obamaren hitzetan, NASAren misioa "aurrekaririk gabeko garaipena" izan da "teknologiarentzat", eta erakutsi egiten du gizakiak "gauza zailenak" ere egiteko gai direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea