Gizartea -

DENBORALEA

Alerta laranja ezarriko dute EAEn 120 km/h-ko haize boladengatik eta 6 metroko olatuengatik

Gaur, Santu Guztien egunean, mendebaldeko haize zakarra ibiliko da, eta, ondorioz, haize-alerta ezarriko dute. Ostegunean, berriz, haizeak intentsitatea galduko du, eta itsasoak hartuko du protagonismoa. Alertapean egongo gara itsasaldeko arriskuagatik.

Grandes olas en San Sebastián. Foto: EFE.
Grandes olas en San Sebastián. Foto: EFE.
Grandes olas en San Sebastián. Foto: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ciaran depresioak 120 km/h-ko abiadura gaindituko duten haize-boladak ekarriko ditu, eta 6 metroko olatuak utziko dizkigu kostaldean. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak haizeagatiko alerta laranja aktibatuko du Euskal Autonomia Erkdiegoan (EAE) gaur, azaroaren 1ean, 21:00etatik 00:00etara.

Haize-boladak 120 km/h-tik gorakoak izan daitezke haizeguneetan, eta 100 km/h-tik gorakoak gainerako lekuetan, baina eraginik handiena Bizkaian eta Araban izango dute.

Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, abisu horia ezarriko dute gaur arratsaldean haizeagatik, eta ostegun osoan egongo da indarrean foru erkidegoan.

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera, bi depresio sakonek ukituko dute EAE aste honetan, eta haize eta olatu denboraleak ekarriko dituzte, prezipitazio ugari ekartzeaz gainera. Lehenengo borraskak, Ciaran izenekoak, hego-mendebaldeko haize indartsuak ekarriko ditu, batez ere asteazkeneko 21:00etatik osteguneko 03:00ak arte.

Era berean, haizeagatiko abisu horia aktibatuko dute 00:00etatik 06:00etara Bizkaiko eta Arabako haizeguneetan, haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan baitaitezke.

Goizean zehar, lasaiago ibiliko da haizea, baina 18:00etatik aurrera indartzen joango da, eta abisu horia aktibatuko dute EAE osoan; haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan daitezke haizeguneetan eta 80 km/h-tik gorakoak gainerako lekuetan.

Itsasoari dagokionez, ia ostegun osoan eta ostiralean olatuen altuera adierazgarria 5-6 metrokoa izan daiteke. Gainera, olatuen ezaugarrien eta mendebaldetik joko duen haize indartsuaren ondorioz, busti egingo dira pasealeku eta malekoiak, bereziki itsasgoren inguruan.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kontuz ibiltzeko eskatu die herritarrei, haizeak gogor jotzea eta prezipitazio ugariak izatea espero baita, eta zuhaitzek oraindik ere haize kolpeen ondorioz hosto ugari galduko dituztelako. Aldi berean, tokiko erakundeei gomendatu die estolderiaren egoera berrikusteko eta haizeak mugi ditzakeen objektu guztiak erretiratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak argazkiak Eguraldia Eguneko albisteak Albisteak Gizartea