Gizartea -

ALDARRIKAPENA

"Palestina askatu" zioten banderak altxatuta, txalo zaparrada izan da Anoetan, Real-Mallorca partidan

Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak mila bandera palestinar inguru banatu ditu Donostiako estadioaren inguruetan partida hasi aurretik. Atzo, ostirala, Osasunako zaleek ere Palestinako banderak atera zituzten Sadarreko harmailetan, debekuei aurre eginez.

Realeko zaleak Palestinako bandera eskutan. Argazkia: EFE
Realeko zaleak Palestinako bandera eskutan. Argazkia: EFE
Realeko zaleak Palestinako bandera eskutan. Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palestinarren aldeko aldarria ozen entzun da larunbat honetan Anoetan, Realaren eta Mallorcaren arteko partida hasi berritan. 12. minutuan, Aitor Zabaleta harmailan dozenaka bandera palestinar erakutsi dituzte hainbat zalek, eta txaloka erantzun die Anoetako estadioak aho batez.

Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak mila bandera palestinar inguru banatu ditu Donostiako estadioaren inguruetan, partidaren aurretik, "palestinar erresistentziaren eskariekin bat egiten dugula esan eta Israelekin erlazio guztiak moztu eta boikota egin behar zaiola adierazteko", azaldu dute komunikabideetara bidalitako ohar batean.

Hain zuzen ere, Donostian martxa erraldoia dago deituta gaur arratsalderako, "Gazako sarraskia gelditu" lelopean.

Palestinako bandera futbol zelaietako harmailetan agertzearen inguruko polemika pil-pilean dago, aurreko asteburuan Eibarko zale bat estadiotik kanporatu ostean bandera erakusteagatik. Ligak hartutako erabakiak zeresana eta zalantzak eragin ditu, eta askok zalantzan jartzen dute legezkoa ote den. Auzi hori dela eta, Realak argi utzi zuen atzo bertan eurek ez zutela banderak erretiratzeko asmorik.

Aficionados de la Real muestran la bandera palestina. Foto: EFE

Osasunako zaleek ere bandera palestinarrak erakutsi dituzte

Atzo ere ikusi ziren Palestinako banderak euskal zelaietan. Izan ere, Osasunako zaleek dozenaka bandera palestinar atera zituzten hego harmailan, Granadaren aurkako partidan.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak partidaren aurretik jakinarazi zuen zaleak miatuko zituztela eta Palestinako eta Israelgo banderak kenduko zizkiela horiek zituztenei, "istiluak saihesteko". Espainiako Kirol Bulego Nazionalaren mezua ere jaso zuen Osasunak, bandera horiek kentzeko agindua emanez.

Zuzendaritzak idatziz erantzun zuen ez zegoela ados neurri horrekin, eta adierazi zuen bandera horiek estatu ofizialetakoak direla, eta erabat legezkoak, beraz. Hala, bandera horiek kentzea zaleen eskubide zibilen aurkako erasoa izan daitekeela ohartarazi zuen.

Testuinguru horretan, Indar Gorrikoen inguruan, dozenaka zalek Palestinako banderak erakutsi zituzten "Palestina aurrera" oihuen artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Reala Osasuna Donostia Iruñea Nafarroa Anoeta-Reale Arena Euskal Autonomia Erkidegoa Gazako Zerrenda Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina