Gizartea -
Epaia
Atzera bota dute Kaskagorriren eta Txori Barroteren inhabilitazioa
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak kaleratu du epaia. Bi urteko debekua bete dute dagoeneko bi konpartsek, eta, beraz, epai hori gorabehera, festa eremura itzul daitezke aurten.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsak inhabilitatzeko erabakia. 2009ko Aste Nagusian presoen argazkiak erakusteagatik gaitasungabetu zituzten Bilboko bi konpartsok.
Dagoeneko, bi urteko debekua bete dute Kaskagorrik eta Txori Barrotek, eta, beraz, epaiak ez du ondorio praktikorik.
Izan ere, Udalak ezarritako debekua beteta, aurtengo Aste Nagusian jai eremuan egoteko aukera zuten auzitegiaren erabakia atera aurretik ere.
Edonola ere, Bilboko Udala prozesuaren kostua ordaintzera behartzen du epaiak.
Epai irmoa
2009an, bi urtez gaitasungabetu zituen Bilboko Udalak Kaskagorri eta Txori Barrote, presoen argazkiak erakusteagatik.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du erabaki horren arrazoia baloratu nahi izan, baina Udalak bere araudia bete ez zuela uste du: bere araudian jasotzen ez zen arau-hauste batengatik zigorra ezarri zuen Udalak, epaiaren arabera. Epaia irmoa da.
Bilboko Konpartsak
Bilboko Konpartsek espero du sententzia Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen ”jarrera totalitarioa” aldatzeko balio izatea, Itziar Villafañez talde horren ordezkariak azaldu duenez.
“Sententzia berandu heldu da”, azpimarratu dio Villafañezek Europa Press-i, “dagoeneko bete egin baita Bilboko jaietan bi konpartsek txosnak jartzeko debekua ezartzen zuen bi urteko gaitasungabetzea”.
Bere ustez, zigor hori “Bilboko Konpartsei eta jai ereduari” zuzendutako “beste eraso bat” izan zen.