Gizartea -

SAVE THE CHILDREN-EN IKERKETA

Haurren kontrako sexu abusu kasuen % 80an biktimak neskatoak edo nerabeak dira EAEn

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak haurren aurkako sexu abusuen 400 epai inguru aztertu ditu Espainiako Estatuan, horietako 46 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Adin txikiko bat lurrean eserita. Egile eskubiderik gabeko irudia
Adin txikiko bat lurrean eserita
Adin txikiko bat lurrean eserita. Egile eskubiderik gabeko irudia

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haurren kontrako sexu abusu kasuen % 80an biktima neskatoa edo nerabea da (% 63k 10-14 urte dituzte) Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ia gehienetan erasotzailea inguruko norbait (% 43,5) edo pertsona ezaguna (% 34,8) da, Save the Children erakundeak ostegun honetan argitaratu duen "Por una justicia a la altura de la infancia" txostenaren arabera.

Guztira, haurren aurkako sexu abusuei buruz 2021 eta 2022 urteen artean Espainiako Estatuan eman diren 389 epai aztertu dituzte, horietako 46 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EAEn aztertutako hamar kasutatik ia bederatzitan (% 89,1) erasotzaileak zigortu dituzte.

Espainiako Estatuari dagokionez, haurren kontrako sexu abusuak 11 urterekin hasten dira, batez beste, eta 10etik 8tan biktima neskatoa edo nerabea da.

Sexu erasotzailearen profilari dagokionez, 10 kasutatik 8tan haurraren inguruko pertsona bat da eta % 96k ez dute aurrekaririk sexu indarkeriagatik.

Save the Childrenek nabarmendu duenez, sexu abusuena haur eta nerabeen aurkako indarkeria modu larrienetako bat da. Espainiako Barne Ministerioak emandako azken datuen arabera, 2021ean 8.317 salaketa aurkeztu zituzten adin txikikoen aurkako sexu abusuengatik. "Datu horiek izebergaren punta baino ez dira, kasuen % 15 baino ez baitira salatzen", adierazi du Catalina Perazzo Save the Childreneko ordezkariak.

Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, gaur egun indarrean dagoen sistemarekin biktima gehienek behin eta berriro kontatu behar izaten dute gertatutakoa. Zenbait kasutan hiru aldiz deklaratu behar izaten dute epaiketa baino lehen: poliziaren, fiskaltzaren eta epailearen aurrean. Lautik batean aurrez emandako froga erabiltzen da, birbiktimazioa saihesteko. EAEren kasuan, aurrez emandako froga bost kasutatik batean baliatu dute. Haurren aurkako sexu abusu kasuetan, biktimaren testigantza izan ohi da froga nagusia eta horregatik funtsezkoa da baliabide egokiak izatea epaiketan erabili ahal izateko deklarazioa hartzeko.

Bestalde, Save the Childrenenek autonomia erkidego guztietan Barnahus eredua (umeen etxea, islandieraz) ezarri nahi du. Aipaturiko metodoak sexu abusuak jasan dituzten adin txikikoei arreta integrala eskaintzen die, biktima erdigunean jarriz, gertaturikoa behin eta berriro errepikatu behar ez izateko. Duela bi urte, Eusko Jaurlaritzak Barnahus ereduan oinarritako proiektu pilotu bat abiatu zuen Gasteizen, eta, aurreikuspenen arabera, datozen hilabeteetan jarriko da martxan.

Amaitzeko, gobernuz kanpoko erakundeak azpimarratu du beharrezkoa dela epaitegi espezializatuak izatea indarkeria mota guztien biktima direnen eskubideak bermatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak Espainia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Umeak albisteak gaur Eraso sexualak gaur GKEen albisteak