Gizartea -
Sagarduik dio Osasun Sailak urtebete daramala erakunde pribatuekin elkarlanean itxaron-zerrendak murrizteko
Horrela mintzatu da Osasun sailburua hainbat komunikabidetan argitaratutako informazioaren harira; izan ere, Osakidetzak arratsaldean operazio gehiago eta osasun pribatuarekin itxaron-zerrendak bizkortzeko akordioak dituen plan bat aktibatu duela adierazi dute.
EITB MEDIA
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi duenez, Osasun Sailak "urtebete darama antolaketa-neurriak ezartzen", pandemiaren ondorioz "atzeratutako jarduerak lehenbailehen berreskuratzeko".
Sagarduik komunikabideei egindako adierazpenetan azpimarratu duenez, itxaron-zerrendak hobetzeko "baliabide propioak optimizatzen" ari dira, eta "irabazi-asmorik gabeko erakundeen eta erakunde pribatuen laguntza ere badute, erakundeek egoki ikusten dutenean".
Hainbat komunikabidetan argitaratutako informazioaren arabera, Osakidetzak arratsaldean operazio gehiago eta osasun pribatuarekin akordioak dituen plan bat aktibatu du, ospitaleetan egin beharreko ebakuntzak bizkortzeko eta itxaron-zerrendak murrizteko, Urkulluk joan den astean Legebiltzarrean emandako hitza betetzeko.
"Urtebete daramagu pixkanaka baliabide propioak erabiltzen, baita irabazi-asmorik gabeko erakundeen eta erakunde pribatuen laguntzarekin ere, Osakdietzak lankidetza hori erabili ahal izan dezan", esan du sailburuak.
Bestalde, Euskadiko Medikuen Sindikatuak esan du prentsaren bidez izan dutela plan horren berri, eta, beraz, "ez ditugu ezagutzen proposamen horren xehetasunak".
"Itxaron-zerrendak arintzeko aurretik hartu den neurria da", gaineratu dute.
Itxaron-zerrendei dagokienez, "beti egongo dira, baina epe onargarriak izan behar dituzte". "Ezin dugu ahaztu sakoneko arazoa, hau da, mediku falta eta osasun publikoa sustatzeko beharra", ondorioztatu dute.