Gizartea -

Eguraldia

111 km/h-rainoko ufadak neurtu dituzte bart Bizkaiko hainbat puntutan

Jaurlaritzak abisu horia izan du ezarrita bolada gogorrak egon zitezkeela eta. Karrantza Haranean neurtu dute sareko maximoa: 111,9 km/h. Haizea apalduta, euria izango da nagusi datozen bi egunetan.

Matxitxakon 99 km/h-ko ufadak neurtu dituzte goizaldean. Argazkia: Yoli Merlo
Gaztelugatxe, Matxitxakotik ikusita.
Matxitxakon 99 km/h-ko ufadak neurtu dituzte goizaldean. Argazkia: Yoli Merlo

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

111,9 km/h-ko boladak neurtu dituzte bart Cerrojan (Karrantza Harana, Bizkaia), Euskalmet Euskal Meteorologia agentziak emandako datuen arabera. Gauerditik 09:00ak arte, haizeteengatik abisu horian izan dira Araba eta Bizkaia, eta goizaldean neurtu ufada gogorrenak. 

Estazioetako datuak aztertuta, Bizkaian izan dira eguneko boladarik bizienak. Esan bezala, Enkarterrietako Cerroja estazioan erregistratu dute sareko maximoa, baina hortik gertu geratu da Urduñakoa ere: 110,8 km/-koarekin. Kostaldean, hortik behera egon dira maximoak, eta Matxitxakon 99,5 km/h-ko ufadak izan dituzte.

Haizeak gogor jotzen ez duen lekuetan orduko 60-80 kilometroko haize boladak izan dira.

Haizea baretzearekin bat, eta goizak aurrera egin ahala, behe-hodeiak ugarituz joango dira, ipar-mendebaldetik hasita, eta egunaren erdiko orduetan euritara joko du. Iparraldean egingo du euria ugariago eta sarriago. Haizea ipar-mendebaldera aldatuko da, eta horregatik tenperaturak behera egingo du: maximoek udazkeneko itxura hartuko dute eta minimoak egunaren amaieran neurtuko dira. Beroenek apenas gaindituko dituzte 20 ºC-ak. 

Ostiralean eguraldiak udazkeneko itxura izango du denean. Hainbat tokitan tenperatura maximoak 20 ºC-tik beherakoak izango dira, eta mendebaldeko haize fina ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean. Iparraldean zerua hodeitsu egongo da, eta goizetik aurrera zaparradak botako ditu; baliteke noizbehinka zaparradak trumoitsuak izatea. Hodeiak eta ostarteak hegoaldean, zenbait lekutan euri txikia egin dezake noizbehinka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak