Gizartea -
Trafikoa
Espainiako Vueltak trabak eragingo ditu Nafarroako hainbat errepidetan ostiraletik
Larunbatean sartuko da lasterketa Nafarroan, eta igandeko etapa Iruñetik abiatuko da. Arau orokor gisa, errepideak txirrindulariak igaro baino ordubete lehenago itxiko dituzte. Garraio publikoan ere izango dira gorabeherak.
eitb media
2023ko Espainiako Itzuliko bi etapa hartuko ditu Nafarroak asteburu honetan. Larunbatean, Larra-Belagua mendatea izango da tropelaren helmuga, eta igandean Nafarroako hiriburutik abiatuko da Lekunberrin amaituko den 15. etapa.
Arau orokor bezala, errepideak txirrindulariak iritsi baino ordubete lehenago itxiko dituzte. Larunbateko etapa NA-2011 (Larraine) errepidetik sartuko da Nafarroan, NA-140 errepidean barrena jarraituko du, eta, Uztarroze eta Izaba zeharkatuta, Larra-Belaguara egingo du.
Gaur, irailak 8, 15:00etan, Larra-Belagua mendaterako sarbidea, 45. kilometrotik aurrera (Bagomalta), mugatu egingo dute. Mendatera oinez edota bizikletaz igo ahalko da, lehenengo txirrindulariak heldu baino 45 minutu lehenagora arte, larunbateko 16:15 arte gutxi gorabehera, amaiera 17:15erako aurreikusi baitute.
Era berean, Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez, eremuan kanpatzea debekatuta dago, baina eremu bat gaituko dute Belaguako lautadan, aparkatzeko nahiz gaua emateko, bai furgonetan eta bai autokarabanan. Toki horretan bertan, larunbatean iristen diren ibilgailuak aparkatzeko beste eremu bat prestatuko dute.
Bestalde, zaleei gogorarazi diete une oro errespetatu behar direla errepideko seinale eta arauak, batez ere ibilgailuak aparkatzeko (debekatuta dago gaitutako guneetatik kanpo aparkatzea), batez ere jaitsiera guneetan, kirolariak arriskuan ez jartzeko.
Horrez gainera, txirrindulariak iristen direnerako, zaleek kontuan izan behar dute txakurrak lotuta izan beharko dituztela eta ezingo dela zaborrik bota. Azkenik, Nafarroako Gobernuak gogorarazi du debekatuta dagoela sua piztea, baita baimenik gabe dronak erabiltzea ere.
Iruñea
15. etapa 11:30ean abiatuko da Iruñetik, Zitadelatik, eta hiriburuko kale hauek zeharkatuko ditu: Gaztelugibel kalea, Pio XII.aren etorbidea, Navas de Tolosa kalea, Sarasate pasealekua, San Ignazio etorbidea, Nafarroako Gorteen kalea, Joan Albretekoaren kalea, Vergel kalea, Arga ibaiaren kalea, Gipuzkoako etorbidea, Cuatro Vientos zubia eta Santa Luzia.
PA-30 Iruñeko saihesbidetik irtengo dira, Orkoien aldera, eta errepide hauek zeharkatuko ditu: NA-700 (Aratzuri, Ororbia eta Ibero), NA-7110 (Etxauri, Elio, Etxarri eta Beraskoaingo bainuetxea), NA-7040 (Artazu eta Gares), NA-1110 (Mañeru, Zirauki, Lorka, Villatuerta eta Lizarra), NA-120 (Abartzuza, Lizarraga), NA-2410 (Etxarri Aranatz, Arbizu, Uharte Arakil, Ihabar, Zuhatzu eta Etxarren), NA-7500 (Madotz, Astitz eta Alli).
Txirrindulariak 17:15 inguruan helduko dira Lekunberrira, helmugara, NA-7510, NA-1300 (Latasa), NA-7505 (Mugiro), NA-2410 (Irurtzun) eta NA-7500 (Madotz) zeharkatu ondoren. Igande goizean, NA-1300 itxita egongo da Lekunberrin, desmuntatzeko lanek iraun bitartean.
Eskualdeko hiri garraio publikoa
Iruñerriko garraio publikoan ere gorabeherak izango dira Vueltagatik, 11:15etik 13:30era bereziki, Espainiako Vuelta Iruñetik abiatuko dela eta.
Linea guztietan eragingo du lasterketak, 1.ean, 19.ean, 20.ean, 22.ean, 23.ean, 24.ean eta 25.ean izan ezik.
Linea kaltetuenak hauek izango dira: L8 (Buztintxuri-Erriberri kalea), L16 (Aitzoain-Beriain) eta L17 (Mutiloa-Berriozar).
Hori horrela, Orkoien eta Buztintxuri zerbitzurik gabe geratuko dira, eta Berriozar eta Artiberri ibibideak iparraldetik joango dira.
7. linea (Atarrabia-Barañain) ezingo da Cuatro Vientosera iritsi, eta RENFEn (Barañainerantz) eta Marcelo Celayeta etorbideko 76.ean (Atarrabiara bidean) egingo ditu geldialdiak.
Yanguas y Miranda kaleko geltokiak (L16 eta L18 lineak, Donibanerantz) bertan behera geratuko dira larunbat arratsaldeko seietatik aurrera, gutxi gorabehera. Ibilbide alternatiboetan paratuko dituzte behin-behineko geltokiak.
Hirigunea zeharkatzen duten gainerako lineetan desbideraketak eta atzerapenak egongo dira, 14:00ak arte gutxienez.