Gizartea -
eguraldia
Abisu horia tenperatura altuengatik Hego Euskal Herrian eta abisu laranja Erriberan
Barnealdeko zenbait tokitan tenperaturak 38 ºC-ra iritsiko dira, eta, ondorioz, alerta laranja ezarri dute gaur Erriberan, eta abisu horia, berriz, Nafarroan, Araban eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean.
eitb media
Gaur, ostirala, alerta laranja ezarri dute Ebroko Erriberan tenperatura altuak direla-eta. Nafarroako gainerako lurraldeetan, berriz, abisu horia egongo da indarrean, baita Araban eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean.
Euskal Autonomia Erkidegoan, egun osoan egongo da aktibo abisu horia Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean tenperatura altuengatik, eta Araban, muturreko tenperaturengatik. Ebro inguruan, minimoak 17 ºC-ren bueltan egongo dira, eta maximoak 37 ºC-ra iritsiko dira; eremu atlantikoan, 17-37 ºC artean ibiliko dira termometroak, eta bi eremu horien artean, 17-38 ºC-ren bueltan. Bilbon, esaterako, merkurioa 37 ºC-ra iritsiko da eguneko ordurik beroenetan. Kostaldean, berriz, 18 eta 30 ºC artean geratuko da.
Nafarroan, Estatuko Meteorologia Agentziak (Aemet) alerta laranja ezarriko du Ebroko Erriberan, tenperatura altuengatik, 13:00etatik 22:00etara. Ordu tarte berean, abisu horia egongo da indarrean Nafarroako gainerako lurraldeetan.
Larunbatean, abisu horiak indarrean jarraituko du Araban eta Nafarroako erdialdean eta hegoaldean, 13:00etatik 22:00etara.
Iparraldeko egoerari dagokionez, Meteo Francek ez du inolarko abisurik iragarri datozen egunetarako.