Gizartea -
eguraldia
Uda garaiko giroa bueltan
Gaur lurraldearen zati handi batean zerua gris esnatu bada ere, bihartik aurrera eguzkia nagusi izango da eta tenperaturak nabarmen egingo du gora: 30 ºC-tik gora geratuko dira hegoaldean, eta 26-28 ºC-ren bueltan ibiliko dira kostaldean.
eitb media
Gaur, asteazkena, giro nahasia izango da, baina bihartik aurrera uda garaiko giroa bueltatuko da Euskal Herri osora. Tenperaturak nabarmen egingo du gora ipar partean zein gainerakoan, eta termometroak 35 ºC-tik gora geratuko dira hegoaldean, 30 ºC inguruan barnealdean eta 26-28 ºC-ren bueltan kostaldean. Gainera, datorren astean ere, giro eguzkitsua izatea espero da.
Goiza hodeitsua izan da lurraldearen zati handi batean, ipar partean bereziki, eta euri apur bat egin du han-hemenka, baina baliteke arratsaldean ostarteak zabaltzea. Gainerakoan, ordea, goizak aurrera egin ahala, hodeiek desagertzera egin dute eta arratsalde eguzkitsua izango da. Baina, gaur ere, arratsaldean, iparraldeko haizea indartu egingo da, eta arratsalde-gau partean trumoi-ekaitzak jo dezake. Maximoak ezer gutxi aldatuko dira: 23 ºC kostaldean eta 30 ºC-ren bueltan gainerakoan.
Bihar, osteguna, eguzkia gailenduz joango da, eta tenperaturek nabarmen egingo dute gora. Goizean, isurialde atlantikoan, behe-hodeiak agertuko dira, eta lainoa sor daiteke barnealdean, baina laster desegingo dira eta arratsalde eguzkitsua geratuko da. Kostaldetik hurbil, ipar-ekialdeko haizearen eraginez, tenperatura altuenak 26-28 ºC-ren bueltan ibiliko dira; barnealdean, berriz, 30 ºC-tik gora harrapatuko dituzte termometroek.
Ostiralean, eguna epeletik hasiko dugu, tenperaturak goranzko bidean jarraituko du eta giroa argia izango da. Hegoaldeko haizea ibiliko da goizean, eta iparraldeko haizea zabalduz joango da arratsaldean. Barnealdean, balio altuenak 30-35 ºC ingurukoak izango dira; hegoaldean, 35 ºC-tik gorakoak, eta kostaldean, 28-30 ºC ingurukoak izango dira maximoak.