Gizartea -

Alerta

Euskalmetek ohartarazi du Euskadik "muturreko bero" egoera bat biziko duela asteazkenean

Jose Antonio Arandak aurreikusi du inoiz erregistratu gabeko balioak ikustea, eta batez besteko tenperatura maximoak 38 eta 42 gradu artekoak izatea. Muturreko bero horrek ordu gutxi iraungo du, eta litekeena da asteazkenetik ostegunerako gauean enbata moduko batekin amaitzea.

Tenperatura maximoak 42 gradura irits daitezke asteazkenean. Artxiboko irudia
Tenperatura maximoak 42 gradura irits daitezke asteazkenean. Artxiboko irudia
Tenperatura maximoak 42 gradura irits daitezke asteazkenean. Artxiboko irudia

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astebeteko eguraldiaren gorabeheren ondoren, beroa itzuliko da berriro Euskadira, eta muturreko balioak izango omen dira gainera asteazkenean. Jose Antonio Aranda Euskalmeteko meteorologia arduradunak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean aurreratu duenez, dortsal bat (atmosferako geruza ertain-baxuetan tenperatura oso altuak dituen eremu bat) sartuko da gurean, eta lurrazaleko tenperaturen igoera nabarmena eragingo du.

Hala, asteazkenean, batez besteko maximoak 38 eta 42 gradu artekoak izatea espero da, batez ere isurialde atlantikoaren barnealdean, Lautadan eta Ebro ibaiaren ardatzean. Adibidez, Arandak aurreikusten duenez, dortsal horren ondorioz 26 eta 31 gradu arteko tenperaturak erregistra daitezke Gorbeiako puntan, "tenperatura oso altua 1.600 metroan. Egoera hori gertatuz gero, ziurrenik lehen aldia izango da, edo behintzat ez dugu inoiz neurtu".

Muturreko bero egoera hori galerna moduko batekin amai liteke gaueko azken orduan edo gauean zehar, "eta hortik aurrera tenperaturak freskatu egingo dira" datozen egunei begira.

Iragarpen horren aurrean, Arandak aurreratu du astelehen honetan alerta laranja ezarriko dutela asteazkenera begira, tenperatura altuengatik, eta aztertuko dutela alerta gorrira igo ala ez eguna hurbildu ahala.

Muturreko egoera hori, gero eta intentsitate handiagoz eta maizago gertatzen ari dena, klima-aldaketaren ondorioetako bat da. "Beroa beti egin du udan, eta hotza ere bai, baina horrelako egoerak izatea nahiko anormala da", esan du Arandak. Hori dela eta, adituak uste du aldaketa horiek guztiek adierazten dutela "klima-aldaketa gainean dugula jada, eta pilak jarri behar ditugula, gehiagora ez joateko".

Iragarpena, egunez egun

Astelehena giro eguzkitsuarekin hasiko da. Goizeko lehen orduan ipar partean hodeiak izango badira ere, goizean bertan zerua garbitu eta eguzkitsu geldituko da. Haizea aldakor ibiliko da, eta ipar-ekialdeko haizea nagusituko da arratsaldean. Tenperaturak gora egingo du, hegoaldean batez ere. Dena dela, lehen orduetan giroa nahiko hotza izango da barnealdean.

Asteartean, tenperaturak beste koska bat egingo du gora. Hegoaldean, maximoak 35 ºC ingurukoak izango dira, eta kostaldean, aldiz, 30 gradutik behera geldituko dira. Eguerditik aurrera, ipar-ekialdeko haizeak indarra hartuko du. 

Asteazkenean, bero handia egingo du. Tenperatura altuenak 40 ºC-ren bueltakoak izan daitezke. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta brisa altxatuko da eguerdian. Gainera, baliteke azken orduetan haizeak ipar-mendebaldera egitea kostaldean, bolada gogorrekin. Giroa eguzkitsua izango da, baina, beroaren ondorioz, trumoi-hodeiak sor daitezke barnealdeko mendi inguruetan arratsaldean eta gauean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bero-boladak