Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat espetxeratu dute Donostian bi emakumeri sexu erasoa egitea egotzita

Sexu erasoa larunbatean gertatu zen, eta gizona arratsaldean atxilotu zuten. Astelehenean espetxera bidali zuen epaileak. Udalak elkarretaratzera deitu du bihar, ostirala, 13:00etan udaletxearen aurrean, eta bat egin du hirian egiten diren gaitzespen ekimenekin.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bat espetxeratu dute, uztailaren 22an Donostian 24 eta 26 urteko bi emakumeri egindako sexu erasoarekin lotuta.

Udalak jakinarazi duenez, larunbat goizean bi emakumek Udaltzaingoaren patruila bat geldiarazi zuten, sexu erasoa jasan zutela adierazteko. Protokoloa aktibatu ondoren, eta guardiako epaitegiarekin eta auzitegiko medikuarekin koordinatuta, emakumeei arreta medikoa eman zitzaien.

Momentu horretan, Udaltzaingoak salaketa jaso eta ikerketa hasi zuen, eta larunbat arratsaldean atxilotu zuten gizona.

Morlanseko Udaltzaingoaren komisariatik igaro ondoren, uztailaren 24an, igandea, guardiako epailearen esku utzi zuten, eta horrek espetxeratzeko agindua eman zuen.

Donostiako Udalak, aho batez onartutako adierazpen instituzional batean, "irmo" gaitzetsi ditu bi emakumeek jasandako erasoak. Gainera, "eraso tamalgarri" horien biktimei babesa eta elkartasuna adierazi die, baita haien senideei eta ingurukoei ere.

Donostiako Udalaren ustez, horrelako erasoak indarkeria matxistaren eta genero-desberdintasuneko jarreren adierazpenik "higuingarriena" dira, eta "oraindik ere nagusi dira gure gizartean, eta Udalak gaitzetsi egiten ditu". Zentzu horretan, "ezinbestekoa da lanean jarraitzea, hiriko eragile sozial, feminista eta giza eragileekin batera, balioetan heztearen eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde".

Azkenik, Udalak elkarretaratzera deitu du bihar, ostirala, 13:00etan udaletxearen aurrean, eta bat egin du hirian egiten diren gaitzespen ekimenekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa