Gizartea -
Amaitu da bahiketa
Askatutako kooperanteak Madrilera iritsi dira
Bederatzi hilabetez bahituta egon eta gero Enric Gonyalons (Mundubat) eta Ainhoa Fernandez kooperanteak libre utzi zituzten atzo.
Erredakzioa
Bederatzi hilabetez bahituta egon diren hiru kooperanteak Madrilera iritsi dira arratsaldeko 20:00etan. Aireko indarren hegazkin batean egin dute bidaia, Gobernuak jakinarazi duenez.
Enric Gonyalons Mundubat GKEko kooperantea eta Ainhoa Fernandez de Rincon eta Rossella Urru boluntarioak urriaren 22an bahitu zituzten Tindufeko (Algeria) akanpaleku sahararretan, eta Mali iparraldera eraman zituzten Al Kaidarekin lotutako talde bateko kideek.
Iñaki Markiegi Mundubat Gobernuz Kanpoko Erakundearen presidenteak Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, hamarrak aldera hitz egin du Gonyalonsen sendiarekin, eta kooperantearekin hitz egin ahal izan dutela jakinarazi diote.
Espainiara joan aurretik, mediku azterketak egin behar izan dizkiete kooperanteei.
Erreskatea
Markiegik argi adierazi nahi izan du Mundubatek ez duela parte hartu kooperanteak askatzeko negoziazioan.
Gainera, bederatzi hilabeteotan zuhurtzia handiz jokatu nahi izan dutela azpimarratu du, momentu batzuetan kooperanteen askapena gertu egon delako, eta azkenean ez zelako burutzen.
Markiegik eskerrak eman dizkie Espainiako, Italiako, Burkina Fasoko, Algeriako, Mauritaniako eta Saharako Errepublikako gobernuei, eta gogor kritikatu du Marokoko agintariek eta inteligentzia zerbitzuek "jarritako oztopoak".