Gizartea -
Nafarroa
Ollokiko sutea kontrolatuta dago, baina ez itzalita
Behin-behinean aske utzi dute Ollokin piztutako baso-suteagatik atxilotutako gizona. Gauez, erremate eta freskatze lanekin jarraituok dute Suhiltzaileen hainbat brigadek, eta bihar guztiz itzaltzea espero dute.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Atzo arratsaldean Olloki eta Altzuza artean piztutako baso-suteak kontrolpean jarraitzen du, baina nahiz eta suhiltzaileek lurrez nahiz airez gogotik saiatu diren arren, ezin da oraindik itzalitzat jo. 65-70 hektarea sail erre direla kalkulatzen da.
Foru Gobernuko iturriek baieztatu dutenez, azken orduetako dispositiboari eusten diote, eta gaur gauean, jada argi naturalik gabe, suhiltzaileen hainbat brigadek erremate eta freskatze lanekin jarraituko dute, eta bihar guztiz itzaltzea espero dute.
Bestetik, behin-behinean aske utzi dute atzo Ollokiko sutearekin zerikusia zuelakoan atxilotutako gizonezkoa. Aoizko Intrukzio Epaitegiko guardiako epaileak erabaki du "delitu zantzuak egon arren", atxilotuaren kartzelaratzea "gehiegizko neurria" dela eta ez direla horretarako "baldintzak" betetzen.
Poliziaren aurrean egindako deklarazioan, atxilotuak esan du erretzen ari zen zigarroa eskutik erori zitzaiola, lasto-pila baten gainera eta horrek berehala hartu zuela su. Itzaltzen saiatu omen zen, baina ez zuela lortu adierazi du. Autoan, epaileak ondorioztatu du sutea nahita piztutakoa zela esateko nahikoa zantzurik ez dagoela.
Atxilotuak epaitegian agertu beharko du, hala eskatzen zaionean.
Olloki eta Altzuza artean piztu zen sua ostiral arratsaldean. Gauerako egonkortuta zegoen. Guztira, 60 suhiltzaile aritu dira lanean, 8 hegazkin eta 22 ibilgailuren laguntzarekin.
Gertuko udalerrientzako zekarren arriskuagatik, Nafarroako baso-suteengatik larrialdietarako Plan bereziaren 2. maila ezarri behar izan zuten 15:10ean.
70 bat hektarea erre dira
Sutea izan den zonaldea bisitatu du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Presidentetzako kontseilariak, eta han bertan "erantzukizunez" aritzeko deia egin die herritarrei. "Udan gaude, bero handia egiten du eta giroa oso lehorra da, herritar gehienak zentzun jokatzen dute, baina erantzukizunez aritzeko deia azpimarratu behar dugu", esan du Remirezek.
"Zorionez ez da kalte pertsonalik egon, ezta kaltetutako herririk, baina baso mailan jazo dena ikusteko dago", adierazi du. "Izandako kaltea zenbatu behar dugu, baina 60 eta 70 hektarea artean erre direla uste dugu", gaineratu du.