Gizartea -
Gaixotasunak
Hazteri kasuen gorakada nabarmena izan dute Donostian
Hori dela eta, Donostiako Udalak informazio kanpaina bat abiarazi du gaixotasun hori garaiz detektatzen laguntzeko, eta prebenitzeko eta geldiarazteko aholkuak eman ditu.
Agentziak | EITB Media
Donostiako Udalak informazio kanpaina bat jarri du abian, hirian hazteri edo sarna kasuen kopuruak gora egin duelako.
Udalak gaur ohar baten bidez jakinarazi duenez, Osasun Publikoko Udal arduradunek eta Osakidetzak "hazteri edo sarna kasuen gorakada nabarmena izan dute Donostian".
Hori dela eta, informazio kanpaina bat abiarazi du gaixotasun hori goiz detektatzen laguntzeko, eta prebenitzeko eta eteteko aholkuak eman ditu.
Osasun-zentroetan, eskoletan, egoitzetan, kiroldegietan, liburutegietan eta farmazietan banatuko diren liburuxkak eta kartelak argitaratzeaz gain, mezuak sare sozialen bidez zabalduko dira.
Udalak nabarmendu du beharrezkoa dela gaixotasun hori ez estigmatizatzea; izan ere, "duela urte batzuk klase sozial baxuko pertsonekin lotuta zegoen, giza pilaketa duten guneekin, hala nola kartzelekin eta gizarte-bazterketa duten pertsonekin edo beste arraza batzuetakoekin".
Hala ere, Udalak jakinarazi duenez, hazteriak "edonori eragin diezaioke" eta "horregatik da beharrezkoa informazio eta prebentzio kanpaina bat egitea".