Gizartea -

Salaketa

Mugaritz jomugan jarri dute animalien defendatzaileek

Jatetxeak eskaintzen duen foie gras-aren ekoizlearen eta Andoni Luis Adurizen jatetxearen kontrako salaketak jarri ditu animalien defentsarako elkarte batek.

Andoni Luis Aduriz, Mugaritzeko sukaldaria. Argazkia: eitb
Mugaritz jatetxea, animalien defendatzaileen jopuntuan
Andoni Luis Aduriz, Mugaritzeko sukaldaria. Argazkia: eitb

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aspaldi jakina da antzaren gibela jaki bezala eskaintzen dutenak animalien defentsarako elkarteen helburu direla. Sukaldean eta mahian hain preziatua den elikagai hau lortzeko, antzarak modu jakiin batean elikatu behar dira: hodi batez behar baina elikagai gehiago jatera behartzen dituzte eta horrek, epe luzean, kalteak ekartzen ditu animaliaren gibelera . Horixe baita foie gras-a: zirrosiak jotako gibela. Animalien defensan lan egiten duen Igualdad Animal elkarteak aspaldiko salaketa hori berpiztu du orain. Eta jatetxe haundi baten kontra ekin dio, hauspoa emateko. Andoni Luis Adurizek zuzentzen duen Mugaritz jarri du jomugan, hari foie gras-a banatzen dion ekoizlearen aurka eginez. Elkarte horrek bere webgunean jakinarazi duenez, bi salaketa jarri ditu Oiartzungo Momotegi baserriaren aurka. Salaketak, ordea, ez dituzte animaliei sufrimendua eragitea leporatuta jarri, arau administratiboak betetzen ez dituztelakoan baizik. Igualdad Animalen esanetan, gibel ekoizleak ez du behar duen lizentziarik, eta marka komertziala ez dago errejistratuta. Salaketari larritasun gehiago emateko, animalien eskubideen defendatzaileek esan dutenez, foie gras ekoizle horrek "albaitaririk ez duela onartzen du". Webgunean emandako informazioan, beste jatetxe ezagun batzuek ere --Akelarre eta Etxebarri aipatzen ditu -- ere produktua Oiartzungo baserri beretik jasotzen omen dute. Hala ere, salaketarik gordinenak Andoni Luis Adurizen jatetxearen kontra zuzentzen dituzte, elikagai hori hornitzailearen ustezko irregulartasunak ezagututa eskaintzen ari delako. Horrexegatik, jatetxea ere auzitara eraman dutela jakinarazi dute. Igualdad Animalek webgunean onartzen duenez, salaketon bidez foie gras-a ekoizteak abereei eragiten dien sufrimendua ekarri nahi dute gogora eta, horren bitartez, hegaztien gibelaren debekua lortu. Hainbat herrialdeetan galarazita dago jada jaki bezala eskaintzea, Austrian, Alemanian, Danimarkan edo Bretaina Haundian, kasu. Polemika hau sortu baino lehen Interneten ikus zitekeen bideo batean, Olga Posse antzara gibelen ekoizleak animaliokin duen erlazioa azaltzen du, eta alde handia dago azalpen horretatik animalien defentsarako elkarteak salatzen duenera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea