Gizartea -
OSASUNA
Kontsultatu non izango diren Osakidetzako osasun-zentroen itxierak udan
Osakidetzak ordutegiak murriztuko ditu edo aldi baterako itxierak aplikatuko ditu udan osasun-zentroen % 40an. Garai horretako pazienteen "eskari txikira" egokitzeko eta osasun-langileen "atsedena ahalbidetzeko" helburuari erantzuten diote aldaketek.
EITB MEDIA
Osakidetzak behin-behinean aldatuko ditu bere arreta-ordutegiak, udako hilabeteetan laguntza-eskarian izaten diren aldaketetara egokitzeko, eta osasun-profesionalen "atsedena ahalbidetzeko", Osasun Zerbitzuak iragarri duenez. Horrenbestez, Osakidetzako 342 osasun-zentroetatik, anbulatorioetatik eta kontsultategietatik 136k (% 39,7) ordutegi-murrizketak edo, zenbait kasutan, itxierak aplikatuko dituzte.
Osakidetzak ohar baten bidez azpimarratu duenez, osasun-asistentzia une oro bermatuta dago Osakidetzaren sare zabalean, osasun-zentroen, Etengabeko Arretako Guneen (EAG), Osasun Kontseiluaren telefonoaren edo, behar izanez gero, larrialdi-zerbitzuen bitartez.
Ordutegiak doitzea
Euskal Osasun Zerbitzuak emandako zerrendaren arabera, Arabako Errioxako Erakunde Sanitario Integratua (ESI) osatzen duten osasun-zentroetan ez da ordutegi-aldaketarik izango udan. Arabako ESIan, aldiz, ordutegiak doituko dira 15 zentrotan.
Bestalde, Bilbo-Basurtu ESIan ordutegi-doikuntzak egingo dira 16tan, eta Barakaldo-Sestao ESIan, berriz, ordutegi-murrizketek 7ri eragingo diete. Era berean, Barrualde-Galdakao ESIan 15 zentrotan doituko dira ordutegiak, eta 34 kontsultategi aldi baterako ixtea aurreikusi dute.
Uribeko ESIan ordutegi-doikuntzak edo itxierak egongo dira bederatzi zentrotan, eta Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIan, berriz, 8tan.
Tolosaldeko ESIan 3k doituko dituzte ordutegiak, eta aldi baterako itxierak egongo dira 10 zentrotan. Bestalde, Bidasoko ESIan ez dago doikuntza-aurreikuspenik.
Ordutegiak doituko dituzten gainerako ESIak honako hauek dira: Debabarrena (2 zentrori eragingo dio), Goierri-Urola Garaia (egokitzapenak egingo dira 4 zentrotan), Debagoiena (erdiko zentroa) eta Donostialdea (9 zentro).
Irekiera-ordutegitik kanpo, osasun-asistentzia bermatuta egongo da Osakidetzaren etengabeko arretako guneetan (EAG), eta horiek bereziki indartuko dira udatiar gehien pilatzen diren eremuetan; era berean, osasun-asistentzia bermatuta egongo da Osasun Kontseiluaren telefonoaren bidez (900 20 30 50).
Osasun-asistentzia behar izanez gero, deitu osasun-zentrora telefonoz, eta bertan emango dizuete ordutegiari eta eskuragarri dauden hitzorduei buruzko informazioa. Halaber, Osakidetzaren web-orriaren bidez har daiteke telefono bidezko hitzordua, osakidetza.eus atarian.