Gizartea -
Gaixotasuna
Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (ELA) duten 40 kasu diagnostikatzen dira urtero Euskadin
Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (ELA) aurkako Munduko Egunean, pazienteentzat "lehen egoitza integrala errealitate bihurtzeko" eskatu die ADELA elkarteak Legebiltzarreko taldeei, alderdi politikoei eta erakundeei, horretarako lege berri bat sortuta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (ELA) 40 kasu diagnostikatzen dira urtero Euskadin, ADELA elkarteak asteazken honetan zabaldu dituen datuen arabera. Honezkero, 140 pertsonak pairatzen dute gaixotasun hilgarri eta neurodegeneratibo hori Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).
Urtero bezala, ekainaren 21ean, Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (ELA) aurkako Munduko Eguna ospatzen da. Gaur egun, sendabiderik ez duen gaixotasun hilgarria da, eta gaixoen batez besteko bizi-itxaropena 2 eta 5 urte bitartekoa da. Arrazoi horregatik, gaixotasun hori dutenei laguntzeko lege berri bat eskatu dute kaltetuek.
ADELA elkarteak gogora ekarri duenez, patologia hori "bereziki ankerra" da, paralisi progresiboa baitu ezaugarri gisa: pazienteak gorputzaren mugikortasuna galtzen du, konortea mantentzen duen bitartean.
Elkarte horren hitzetan, Euskadin 40 kasu diagnostikatzen dira urtero. Iaz, 6 kasu diagnostikatu zituzten Araban (gaixotasun hori duten 22 pertsona bizi dira bertan), 14 Gipuzkoan (46 dira guztira) eta 22 Bizkaian (74 guztira).
Testuinguru horretan, ahalik eta epe laburrenean, ELA duten pazienteentzat "lehen egoitza integrala errealitate bihurtzeko" eskatu die elkarte horrek Legebiltzarreko taldeei, alderdi politikoei eta erakundeei, horretarako lege berri bat sortuta.