Gizartea -
EUSTATEN DATUAK
EAEko jaiotza kopuruak % 4,4 egin du behera 2022an, 13.636 jaiotza izan baitira
1975etik izandako jaiotza kopuru txikiena izan da.
EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 13.636 jaiotza izan dira 2022an, aurreko urtean baino % 4,4 gutxiago, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak kaleratutako datuen arabera. 2019ko datuen aldean, pandemiaren aurreko urteko datuen aldean, jaitsiera % 11,6koa izan da, eta 1975etik EAEn izandako jaiotza kopururik txikiena izan da.
Datuak lurraldez lurralde aztertuta ikus daitekeenez, Gipuzkoan izan da jaitsiera handiena (–% 8,6) eta Araba (–% 4,3) eta Bizkaia (–% 1,4) daude sailkapen horretan ondoren. Hala, hurrenez hurren, 4.508, 2.267 eta 6.861 jaiotza zenbatu dituzte EAEko hiru lurraldeetan.
Hilabetez hilabete bereizita, urtarrilean jaiotza kopuruak % 9,5 egin du gora, baina 2022ko gainerako hilabete guztietan jaiotza kopuruak behera egin du; jaitsiera hori nabarmenagoa izan da apirilean eta irailean (% 14,0 eta % 11,9, hurrenez hurren).
Jaiotza tasa 6,2 jaiotzakoa izan da mila biztanleko. Jaiotza kopururik altuena Arabakoa izan da (% 6,8), eta Gipuzkoakoa (% 6,3) eta Bizkaikoa (% 6) daude sailkapen horretan hurrengo postuetan. EAEn, jaiotza tasak 0,3 puntu egin du behera, 2020ko tasarekin alderatuta, eta 3,2 puntu, 2012koarekin alderatuta. 1975etik izandako jaiotza tasa txikienak dira, bai EAEn, bai hiru lurralde historikoetan.