Gizartea -

Tiroketa Donostian

'Bala batek joko ninduela uste nuen. Bizia arriskuan ikusi dugu'

''Tiroak entzun ditugunean lurrera bota dugu geure burua, babesteko'', esan du Donostiako Amara auzoko lapurretan bahitu duten emakumeetako batek.

Sei lagun bahitu dituzte Donostiako banketxean. EITB
Tiroketa Donostian: Lapurretan bahitutako emakume baten testigantza
Sei lagun bahitu dituzte Donostiako banketxean. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Bizia arriskuan ikusi dugu'', esan du Donostiako Amara auzoko La Caixa banketxeko lapurretan bahitu duten emakumeetako batek. ''Bala batek joko ninduela uste nuen. Tiroak entzun ditugunean lurrera bota dugu geure burua, babesteko. Une latzak izan dira'', azaldu du tiroketa bukatzean.

14:00etan izan da lapurreta saiakera, Donostiako Felipe IV.a kaleko La Caixa banketxean, Amara auzoan. Bi gizonezko banketxera sartu dira, lapurtzeko asmoz.

Emakumeak azaldu duenez, hiru bezero (bi emakume eta gizonezko bat) eta beste hiru langile zeuden bertan bi gizonak sartu direnean, eta ''ergelkeriarik'' ez egiteko esan die lapurretako batek han zeudenei. ''Orduan konturatu naiz lapurreta zela'', esan du bahitutako emakumeak.

Gizonetako batek txanoa eta lan-jantzia zeramatzan, eta biek ''espainiar azentua'' zuten, lekuko horrek azaldu duenez. Lapurretako bat ''lasaiagoa'' omen zen, eta bestea, aldiz, ''urduriago'' zegoen. Dirua bakarrik nahi zutela esan omen dute bi gizonezkoek.

''Orduan Ertzaintza heldu da eta tiroak entzun dira'', esan du emakumeak. Bahitutako lagunek beren burua lurrera bota dute, balek jo ez zitzaten. ''Bata bestearen gainean etzan gara'', azaldu du.

''Konpainia dugu'' esan omen du lapurretako batek Polizia bertan zela ikusita, eta Ertzaintzari nork deitu ote zion galdetu dute. Bahitutakoek ezer ez zekitela erantzun dute, eta hori izan omen da une larrienetako bat.

Tiroketa bukatuta, egoitzarik irteteko eskatu die Ertzaintzak bahitutako lagunei, eta orduan ikusi du emakumeak lapurretako bat lurrean etzanda. ''Hilda zegoela ematen zuen'', esan du emakumeak, jada kanpoan zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea