Gizartea -
Protokolo berria
Espetxeetan suizidioak prebenitzeko planak ikastaroak eta ordainsariak aurreikusten ditu babes-presoentzat
Suizidio arriskuan dauden presoak espetxetik atera eta gero ere artatuko dituzte erakundeek.
EITB Media
Eusko Jaurlaritzak berrikusi egin du espetxeetan suizidioak prebenitzeko programa, otsailean eta martxoan Arabako eta Gipuzkoako kartzeletan bi preso hilik agertu eta gero.
Hori horrela, EITBk jakin duenez, protokolo berriak aurreikusten du hainbat sektoretako profesional gehiagok parte hartzea prebentzio programetan, eta arriskuan dauden presoen jarraipena espetxetik atera eta gero ere egitea.
Programak "babes-presoak" jarri ditu suizidioen aurkako borrokaren erdigunean, hau da, ziegan bere buruaz beste egiteko arriskua duten presoekin batera daudenak.
Horren ildotik, espetxeek prestakuntza ikastaroak eskainiko dizkiete konfiantzazko preso horiei, hainbat gaitasun har ditzaten, hala nola "arrisku faktoreak atzeman ahal izatea, entzute aktiboa egiteko teknikak, depresioei buruzko oinarrizko ezagutzak eta lehen sorospenak".
Era berean, preso horiek "ordainsariak" jasoko dituzte, uste baitute horien lana oso baliagarria dela hezten eta gizartzen laguntzeko.
"Prestakuntza oso garrantzitsua da; babes-presoak jakin behar du nola jokatu eta nori eskatu laguntza", esan du Jaime Tapia epaile eta Eusko Jaurlaritzaren espetxe gaietarako aholkulariak. Ordainsariei dagokienez, Tapiak adierazi du presoek "lan bat" egiten dutela, eta, horrenbestez, trukean sari bat jasoko dutela.
Suizidioaren une eta faktore kritikoak
Bestalde, prebentzio planak suizidioaren profil, faktore eta une kritikoenak ere zehaztu ditu.
Edorta Elizagarate Zabala Osakidetzako psikiatra eta Zaballako Buruko Osasuneko koordinatzailearen esanetan, arrisku faktoreak dira "tratu txarrak jaso izana, bakardadea, droga eta alkohol kontsumoa, buruko gaitzak, depresioa...".
Halaber, adituaren arabera, espetxean sartzeko unea arriskutsua da, "presoaren gizarte sarea apurtu berri baita", baina "aske geratu ondorengo uneak ere bai".
Suizidio tasa gizartean baino 7,5 aldiz handiagoa da behin-behineko espetxealdian dauden presoen artean, eta 6 aldiz handiagoa kondena betetzen ari diren presoen artean.