Gizartea -
MADRILGO SUTEAREN OSTEAN
Bilboko Burro Canaglia jatetxeak beharrezko baimen guztiak ditu
Madrilen su hartu duen kate bereko jatetxea ikuskatu dute Bilboko udal teknikariek, eta lizentziekin arazorik ez dagoela egiaztatu dute. Hala ere, lokalaren dekoraziari buruzko informazio gehiago eskatu diote.
AGENTZIAK | EITB Media
Bilboko Udalak aste honetan ikuskatu du Burro Canaglia jatetxea, kateak Madrilen duen jatetxean ostiralean izandako sutean 25 urteko zerbitzari bat eta 43 urteko Getxoko erizain bat hil ondoren. Teknikariek egiaztatu dutenez, Bilboko lokalak jarduera eta obra lizentzia guztiak ditu, baina dekorazioari buruzko informazio gehiago eskatu diete horren arduradunei.
Zehazki, oraindik kendu ez dituzten landareek suteak prebenitzeko araudia betetzen dutela ziurtatzeko eskatu die Bilboko Udalak saltokiaren jabeei. Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, jatetxeko arduradunak dekorazioari buruzko informazioa prestatzen ari dira, eta "laster" bidaliko dute.
Atzo, Bilboko jatetxeko hainbat langilek sabaitik zintzilik zegoen dekorazioaren zati handi bat kendu zuten, Madrilen erre zenaren berdina, hain zuzen ere.
Polizia Zientifikoa ikertzen ari da ostiralean Madrilen erre zen jatetxearen dekorazioa osatzen zuten materialek sugarrak lokaletik hedatzea bizkortu ote zuten. Dozenaka mahaikide eta langile harrapatuta geratu ziren suhiltzaileek erreskatatu zituzten arte.
Madrilgo jatetxearen sabaiaren eta hormen zati handi bat estaltzen zuten landare artifizialak alanbrezko sare batetik eskegita zeuden, eta, sugarren ondorioz, muturreko tenperaturan erori zen lokaleko mahaien eta lurzoruaren gainean, bezeroak ihesbiderik gabe utzita, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.