Gizartea -
Madrilgo sutearen ondotik
Bilboko Burro Canaglia jatetxean udal teknikariek egin dute dagoeneko ikuskapena
17:00ak aldera, hainbat pertsona sartu dira jatetxera. Arduradunak ez du baieztatu ikuskapena egin denik, baina argazkiak atera dituzte, suteen alarma jo dute eta teknikari batek itzalgailuak lekuz aldatu ditu.
EITB Media
Bilboko Burro Canaglia jatetxean udal teknikariek egin dute dagoeneko ikuskapena. Arratsaldean, 40 minutuz izan dira lokalean, segurtasun baldintzak betetzen direla bermatzeko, bereziki, dekorazioari lotuta.
17:00ak aldera, hainbat pertsona sartu dira Bilboko Burro Canaglia jatetxera. Arduradunak ez du baieztatu ikuskapena izan denik, baina argazkiak atera dituzte, suteen alarma jo dute eta teknikari batek itzalgailuak lekuz aldatu ditu.
Bestalde, gaur goizean, hainbat langilek sabaitik zintzilik zegoen dekorazioaren zati handi bat kendu du. Ez da Bilbon antzeko apaingarriak dituen lokal bakarra, eta egoerak urduritasuna sortu du bezeroen artean.
Goizean zehar, Bizkaiko hiriburuko Iparragirre kaleko lokalaren barruan egon dira hiru langile, bi eskailerarekin, eta katearen ezaugarri diren apaingarri batzuk kendu dituzte.
Ondoren, langileek 11:25 aldera utzi dute establezimendua, dekorazio guztia kendu gabe, landare artifizial ugari ikus baitzitezkeen sabaitik zintzilik.
Facua elkarteak "premiazko ikuskapena" eskatu zion astelehenean Bilboko Udalari, "lokaleko landare artifizialen materiala aztertu" eta "suaren aurkakoa den egiaztatzeko".
Elkarteak Udalari eskatu zion lokala ikuska dezala eta egiazta dezala "segurtasun neurriak betetzen dituela". Ikuskapen prebentiboa "laster" egingo zuela iragarri zuen astelehenean bertan Udalak.