Gizartea -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Dobaran: "Legelariak euskarari buruzko epaiak aztertzen ari dira hemendik aurrerako bidaia orria ezartzeko"

Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak argitu du oraindik ez dutela erabaki eskola garraioaren epaiari helegitea aurkeztu ala ez, baina lanean ari direla kontratazio irizpideak zehaztuko dituen eskuliburu bat osatzeko.

Dobaran, Euskadi Irratiak Bilbon dituen estudioetan. Argazkia: EITB Media
Dobaran, Euskadi Irratiak Bilbon dituen estudioetan.
Dobaran, Euskadi Irratiak Bilbon dituen estudioetan. Argazkia: EITB Media

play icon 23:27

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak "kezkatuta eta harrituta" dagoela aitortu du epaitegiek euskararen inguruan emandako epaiekin —lau izan dira 2023a abiatu zenetik—, eta jakinarazi du legelari talde bat osatu dutela epaiok aztertzeko eta "hemendik aurrerako bide-orria zehazteko".

Kontratazio publikoak egiteko irizpideak jasoko dituen eskuliburu bat osatzea da helburua, eta baita daukagun legedia ondo dagoen aztertzea ere, "ahulguneak badaude erabaki politikoak hartzeko", azaldu du Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan. 

Dobaranen hitzetan, oraindik ez dute erabaki eskola garraioaren epaiaren kontra helegitea aurkeztu ala ez, eta "erabaki politikoa" dela erantsi du. 

Euskara sustatzeko ekintza plan berria lantzeko "une egokia" dela azpimarratu du sailburuordeak, eta Eusko Legebiltzarraren "adostasun zabala" jasoko duelakoan dago. Horren ildoan, esan du euskal gizartea ari dela eskatzen "beste pauso bat emateko", euskararen erabilerak beste esparru batzuk hartzeko, alegia. Besteak beste, kirola, aisialdia, inguru digitala eta eremu pribatua aipatu ditu Dobaranek. "Jauziak koordinatua izan behar du, hori bai", esan du. 

Azkenik, lan eskaintza publikoetan euskararen ezagutza frogatzekoa titulazioarekin "lotuegi" dagoela uste du, eta duela 30 urteko egoera bera ez dela sinistuta, "beste bide batzuk zabaldu" behar direla erantsi. "Euskaraz lan egiten frogatzen da gaitasuna. Naturaltasun osoz. Euskaraz ikasi badugu ez dugu titulurik beharko, gazteleraz egiten den bezala", nabarmendu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Euskadi Irratia EAEko Justizia Auzitegi Nagusia