Gizartea -

Ospakizuna

Jai handia Radio Euskadin 40. urteurrena ospatzeko

Emanaldi bereziak egiten ari da Radio Euskadi EITBren Bilboko egoitzako harrera nagusitik. Gainera, ateak zabalduko dizkie bertan egon nahi duten entzuleei, goizez zein arratsaldez.

Radio Euskadiren 40. urteurreuna dela eta prestatutako set berezia
Radio Euskadiren 40. urteurreuna dela eta prestatutako set berezia
Radio Euskadik programazio bereziarekin ospatzen ari da 40. urteurrena

0:42

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 31n 40 urte bete dira Radio Euskadiren emisioak hasi zirenetik. Urteurrena ospatzeko, EITBren Bilboko egoitzako halletik emititzen ari da Radio Euskadi eguneko saio nagusiak, jendaurrean.

Hala, 08:00etatik aurrera, "Boulevard" berezia egiten ari dira Xabier Garcia Ramsden eta bere lantaldea, eta kolaboratzaile ezagunenak hartuko dituzte set berezian. Bertatik egingo dira, halaber, Iñigo Lejarzaren "La Terraza", Cesar Perez Gazolazek gidatzen duen "Kirolaldia", eta "Kultura.eus", Galder Perezen eskutik. 

Arratsaldean, berriz, "Distrito Euskadi" programak bidaia berezia egingo du lau hamarkada hauetako une garrantzitsuenetako batzuetan zehar. Horretarako, lehen mailako gonbidatuak izango ditu Iratxe Celisek. Urte hauetan mikrofonoen aurrean protagonista izan direnekin ere elkartuko dira, eta, hala, mikrofono horietara itzuliko dira, goiz batez, irratiko ahots ezagunenetako batzuk: Xabier Lapitz, Dani Álvarez, Kike Martín eta Almudena Cacho, adibidez.

Gainera, bertaratutakoek opari esklusibo bat eramango dute etxera: 40. urteurreneko katilua.

Emisioa streaming bidez jarraitu ahal izango da Radio Euskadiren webgunean.

Radio Euskadiren historia

1983ko martxoan, jarri zen abian Radio Euskadi Bilboko Kale Nagusiko 85. zenbakiko egoitza zaharrean. Ordutik, ez dio munduari konektatua egoteari utzi, eta garaian garaiko gizartera egokitu da, entzuleen leialtasuna galdu gabe. Azkeneko lau hamarkada hauetan, euskal gizartea asko aldatu da, baita irratiko profesionalen lan egiteko modua ere. Aldaketa hauek, ordea, gizartearen erritmora eman ditu irratiak, entzuleen leialtasuna galdu gabe, eta haiekin batera aldatuz.

Aurreko garaiak

Radio Euskadiko historia hurbilenaz gain, ezin da ahaztu irratiaren aurreko garaiak. 1936ko irailean hasi zituen emanaldiak, Itziarko baserri batetik. Gipuzkoako fronteak porrot egin zuenean, Getxora joan ziren, Galeara. Zabaldutako lehen mezuen artean, Gernikako bonbardaketaren salaketaz aritu ziren 1937ko apirilean.

1937ko udan, euskaldunak erbeste luze bat hasiko dute. Radio Euskadi Bartzelonan finkatuko da. Bigarren Mundu Gerrako aliatuen garaipenaren ondotik, berriz, Radio Euskadiren emanaldiak Iparraldetik eskainiko dira. 1946tik 1954ra aritu ziren han. Francoren diktaduraren nazioarteko isolamendua amaitu zenean, Frantziako Gobernuak, Mitterrand ministro zela, irratia itxi zuen. Hamar urte pasa ziren Venezuelatik berriro emititzeko aukera izan arte, 1965etik eta 1977ra; Radio Euskadi "Euskal erresistentziaren ahotsa" bihurtu zen. Estudioak Caracasen zeuden eta emisorea oihanaren erdian. Txalupa izenez ezagutzen zuten, Norvegiako fiordoetatik emitituko balute bezala ari baitziren.

1982an Gernikako Estatutua onartzearekin batera, Euskal Irrati Telebista sortu zen. Urte horretako azaroan, Euskadi Irratiko lehen emanaldia hasi zen. Bost hilabete geroago, 1983ko martxoaren 31n, uhinetara jauzi egin zuen Radio Euskadik, Bilboko Kale Nagusiko estudioetatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak