Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume bat egoera kritikoan, Bilbon, bikotekide ohiak eraso egin ostean
Ertzaintzak 63 urteko gizona atxilotu du. 58 urteko biktimak erredura eta ubeldura larriak ditu gorputzeko hainbat ataletan, eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute. Erasotzaileak emakumearen jantziei su eman die.
EITB Media
Ertzaintzak 63 urteko gizon bat atxilotu du gaur arratsaldean Bilboko Deustu auzoan, 58 urteko bikotekide ohiari eraso egitea eta erredura larriak eragitea egotzita. Dirudienez, biktimaren arropari su eman dio. Zauritua oso larri Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, 16:00ak aldera, Bilboko eraikin bateko bizilagunek ohartarazi dute emakume bat larri zauritu dela, antza eraso baten ondorioz.
Poliziak eta osasun langileak bertaratu dira, eta egiaztatu dute biktimak erredura eta ubeldura larriak zituela gorputzeko hainbat ataletan, eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute.
Baieztatu ahal izan denez, lesioen eragilea bikotekide ohia izan da, eta haien etxean izandako istilu batean, emakumearen jantziei su eman die. Ustezko erasotzailea tokian bertan atxilotu dute, eta, jarraian, ertzain-etxera eraman dute, beharrezko izapideak egiteko.
Emakumea Gurutzetako Erredura Handien Unitatean ospitaleratuta geratu da. Biktima gertakariak jazo diren etxebizitzan bizi zen duela 15 bat urtetik, Deustu auzoan, eta alaba bat du. Alaba horren aita da ustezko erasotzailea, bertako bizilagunek EFE albiste-agentziari jakitera eman diotenez.
Horietako batek, soinekoaren sua itzali dionak, azaldu du bien arteko harremana txarra zela, eztabaidak ohikoak zirela eta emakumeak behin baino gehiagotan bota zuela etxetik.
Bizilagun horrek kontatu duenez, arratsaldean, biktimaren etxebizitzan oihuak entzun ditu, eta emakumea sutan ikusi du. Horregatik, eskuoihal bat hartu eta gainera bota dio, eta sua itzaltzea lortu du.
Eraso bortitzaren berri izan ostean, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkariak bere gaitzespena adierazi du sare sozialetan zabaldutako mezu batean.