Gizartea -
Epaia
Seme-alaben jaiotzagatik guraso bakarrei baimen bikoitza ematea errefusatu du Gorenak
Aurrez EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai bat bertan behera utzi du Gorenak, jurisprudentzia ezarrita. Gorenaren iritziz, berari legea aplikatzea dagokio, ez hura egitea. MSPE ama bakarren elkarteak salatu duenez, "Gorenak bere aurpegirik patriarkalena erakutsi du martxoaren 8an".
Agentziak | EITB Media
Guraso bakarrek ezin dute seme-alaben jaiotzagatik baimen bikoitza jaso (eurei legez dagokiena eta bigarren guraso bati egokituko litzaiokeena). Hala ebatzi du Auzitegi Gorenak gaur ezagutu den epai batean. Epaiak jurisprudentzia ezarri du gaiaren inguruko beste ebazpenekiko.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak emandako epai bat baliogabetu dute Gorenaren Gizarte alorreko Salako magistratuek, Fiskaltzak aurkeztutako errekurtsoari men eginda. EAEko auzitegiak arrazoia eman zion ama bati eta seme-alabaren jaiotzagatik baimen bikoitza eman. Hala, berari zegozkion 16 asteez gain, bigarren gurasoari dagozkionak hartzeko eskubidea izan bazuela ondorioztatu zuen epaitegiak.
Auzitegi Gorenak, ordea, legea dagoenetan aztertuta halakorik egin ezin dela arrazoitu du. Are gehiago, "Auzitegi honi araua interpretatzea eta aplikatzea dagokio, ez zuzenbidea eratzea". Bestela esanda, botere legegileari dagokio legea aldatzea. Halaber, ukatu du bere ebazpena umeen eskubideen kontrakoa edota guraso bakarrak diskriminatzea dela.
Gorenaren iritzian, guraso bakoitzari baimen parekideak ematea ezartzen duen legeak gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatu nahi du, eta bi gurasoek zaintzen ardura modu bertsuan hartzea. "Lege horrek emakumeak historikoki pairatu duen diskriminazioa zuzendu eta saihestu nahi zuen, premiazko zen neurri batean".
Gorenak EAEko auzitegiaren epaia baliogabetu badu ere, ebazpenak ez dio emakume salatzaileari eragingo, Euskadiko epaitegiek hala egiteko eskubidea aitortu ziotelako.
Ama bakarren elkarteak epai "patriarkala" salatu du, M8 betean
Epaiari buruz egindako lehen balorazio batean, MSPE ama bakarren elkarteak (gazteleraz, Madres Solteras por Eleccion) epaia kritikatu du, batez ere ezagutu den eguna kontuan hartuta (martxoak 8). "Auzitegi Gorenak bere aurpegirik patriarkalena erakutsi du eta bizkarra eman die guraso bakarrei", salatu du ohar batean.
Miriam Tormo MSPE elkarteko presidenteak nabarmendu duenez, "umeek duten familia egitura gorabehera, euren arteko parekidetasun eta berdintasuna bermatzeko beste aukera bat galdu da. Gure familia eredua aitortzeko eta diskriminazioak eteteko abagunea galdu da".
Tormoren iritzian, ez da egia Gorenak araudia egiteko eskumenik ez duela, "beste zenbaitetan adingabearen ongizate gorena argudiatuta, interpretazio integratzaileagoak egin dituelako, baita genero ikuspegia zutenak ere".
Gogorarazi dutenez, probintziako zortzi auzitegik egin dute baimen bikoitzak ematearen alde, baita Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ere.