Gizartea -
2022ko balantzea
Arma zuriz egindako delituek behera egin dute 2022an Euskadin; konfiskatutako armek, baina, gora
Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, delituen % 55,6 asteburuetan gertatzen dira (ostiralak barne), gehienak 15:00etatik 24:00etara bitartean eta bide publikoan.
eitb media
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, 2022an arma zuriz egindako delitu kopuruak behera egin du Euskadin, azken bost urteetako datuekin alderatuz gero. 2023ko urtarrileko datuak, ordea, okerragoak dira, 53 delitu zenbatu baitira (2022ko urtarrilean 47 izan ziren). Nabarmentzekoak dira azaroko eta abenduko datuak, 63 eta 68 delitu zenbatu baitzituzten, hurrenez hurren.
Ertzaintzak emandako datuen arabera, arma zuriz egindako delituen % 55,6 asteburuetan izaten dira (ostiralak barne). Gehienak (% 41) 15:00etatik 24:00etara bitartean gertatzen dira, eta kopuru handiena (% 79), kalean.
Azken hamabi hilabeteetako delitu motei dagokienez, % 51 indarkeriaz egindako lapurretak izan dira, % 25 lesioak eta % 18 mehatxuak. Era berean, 4 sexu-eraso eta 2 hilketa zenbatu dituzte, horien artean, Lukas Agirre 24 urteko hernaniarraren hilketa, Eguberri egunean Donostiako erdiguneko diskoteka baten kanpoaldean jipoitu zuten gaztearena.
Lurralde-banaketari dagokionez, Bizkaian zenbatu dira gertakari gehienak (423, % 63), Gipuzkoan % 26 (171) eta Araban % 11 (74).
Arma zuriekin egindako delituez gain, Segurtasun Sailak emandako azken datuek baieztatu dute areagotu egin direla arma zuriak eramateagatik jarritako salaketak, 2019an baino % 19 gehiago izan baitira. 2023ko urtarrileko zenbatekoa oraindik finkatu gabe badago ere, 100 salaketa inguru izango direla nabarmendu dute Segurtasun Sailetik.
Arma zurien aferaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak eta udalek zigorrak gogortzea erabaki dute. Besteak beste, isunen zenbatekoak handituko dira. Gainera, kasuz kasu aztertuko du 700 lagunetik beherako edukiera duten lokalei segurtasuna eskatu edo ez. Erabakia lokal bakoitzaren inguruan izan diren gorabeheren eta ezaugarrien arabera hartu da. Esaterako, Bilboko Brutal dantzalekuari segurtasun pribatua exijituko dio aurrerantzean.