Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Donostian, sexu-erasoa leporatuta
Atxilotua epailearen esku utzi dute dagoeneko. Udalak elkarretaratzea deitu du astearterako, 12:00etan, Alderdi Ederren.
EITB Media
Gizon bat atxilotu zuten iragan ostiralean, Donostian, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita, Segurtasun Saileko iturriek eitb.eusi baieztatu diotenez. Erasoa ostiral goizaldean jazo zen. Atxilotua epailearen esku utzi dute jadanik.
Udalak erasoa "erabateko irmotasunez" gaitzesteko adierazpen instituzionala onartu du. Era berean, babesa eta elkartasuna adierazi dio eraso "tamalgarri horren" biktimari, bai eta bere familia eta hurbilekoei ere.
"Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira", salatu du adierazpenean.
Horregatik, "ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde", azpimarratu duenez. "Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela", erantsi du.
Azkenik, Udalak herritarrei dei egin die asteartean, 12:00etan, Alderdi Ederreko lorategian egingo den elkarretaratzean parte hartzera. Bestalde, Udalak gaitzespena adierazteko hirian egiten diren deialdiekin bat egingo duela iragarri du.