Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Gizon bat espetxera bidali dute Irunen, haren bikotekide ohiaren gaineko urruntze-agindua urratzea egotzita
Gizonezkoa kautelazko neurria urratzen harrapatu dute zenbait ertzainek. Hortaz, identifikatu eta atxilotu egin dute. Orduan gizonak agenteei aurre egin die, eta horietako hiru zauritu ditu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
20 urteko gizonezko bat espetxera bidali dute, Irunen atxilotu ostean, haren bikotekide ohiaren gaineko urruntze-agindua urratzea leporatuta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, jazoerak larunbat honetako 01:00ak aldera gertatu dira, herri-babeserako prebentziozko lanak egiten ari ziren hainbat ertzainek gizona atzeman dutenean. Haren bikotekide ohiaren gaineko urruntze-agindua zuela ezagutzean, identifikatu eta atxilotu egin dute. Orduan gizonak agenteei aurre egin die, eta horietako hiru zauritu ditu.
Ertzain-etxera eraman dute, urruntze-agindu bat ustez urratzeagatik, eta agintearen aurkako atentatua eta lesio delituak ere egotzita. Irungo guardiako epailearen esku utzi dute gaur eguerdian, eta kartzelara bidaltzea agindu du horrek.