Gizartea -

Euskadiko aireportuak 2022an

5 milioi bidaiari baino gehiago Loiun, 383.000 Hondarribian eta 235.000 Forondan

Hala, 5.129.583 bidaiari igaro ziren 2022an Bilboko aireportutik, 2019an baino % 86,9 gehiago alegia. Donostiako aireportua 383.584 bidaiarik erabili zuten, hau da, 2019an baino % 19,7 gehiagok. Gasteizko aireportuak % 35,1eko hazkundea izan du bidaiari kopuruan, eta karga marka berria hautsi du.

Loiuko aireportua. Artxiboko argazkia: EITB Media
Loiuko aireportua. Artxiboko argazkia: EITB Media
Loiuko aireportua. Artxiboko argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko aireportuak 2019an ezarritako 5 milioi bidaiarien langa aise gainditzea lortu du, azken hilabeteetako suspertze operatiboari esker. Hain zuzen ere, 5.129.583 bidaiari igaro ziren 2022an aireportutik, 2019an baino % 86,9 gehiago alegia.

Abenduan, Bizkaiko azpiegiturak 395.777 bidaiari jaso zituen, 2019ko abenduan baino % 0,4 gutxiago besterik ez.

Trafiko motari dagokionez, nazionalak % 98,8 berreskuratu du 2022an, 2019ko zifren aldean, 3.307.164 bidaiarira iritsi arte. Nazioarteko bidaiariak, berriz, % 71,1 suspertu dira, guztira 1.811.566 bidaiari izan direlarik.

Operazioek ere joera positiboa agertu dute 2022an. Lurreratze eta aireratze mugimenduak 44.919 izan dira, hau da, 2019an baino % 87,1 gehiago.

Trafikoa % 19,7 hazi da Hondarribian

Bestalde, 2022an 383.584 bidaiarik erabili zuten Donostiako aireportua, hau da, 2019an baino % 19,7 gehiagok, hau da, covid-19 pandemiaren aurreko azken urtean.

Aenak ohar baten bidez jakinarazi duenez, joan den abenduan 32.224 bidaiarik erabili zuten Hondarribiko aireportua, 2019ko hil berean baino % 53,8 gehiagok.

Operazioei dagokienez, 2022an lurreratzeko eta aireratzeko 5.579 mugimendu erregistratu ziren, hau da, duela hiru urte baino % 86,2 gehiago.

% 35 bidaiari gehiago eta karga marka berria Forondan

Azkenik, Gasteizko aireportuak % 35,1eko hazkundea izan du bidaiari kopuruan 2019. urtearekin alderatuta, urtarriletik abendura 235.186 bidaiari izan baitira, eta karga marka berria hautsi du.

Aire-zamaren atalean, Forondan trafikoa 73.600 tonatik gorakoa izan da 2022an, urteko kopururik altuena aireportuaren historian, eta % 14,2 handiagoa 2019an baino.

Operazio kopuruari dagokionez, iaz lurreratzeko eta aireratzeko 13.343 mugimendu izan ziren, hau da, 2019an baino % 23,6 gehiago. Gainera, abenduan 19.834 bidaiariko balantzea eman du, 2019ko hil berean baino % 73,8 gehiago.

Garraiatutako zamari dagokionez, abenduko hazkundea, 2019ko hilabete berarekin alderatuta, % 11,1ekoa da, 6.072 tona zenbatu arte. 2022ko azken hilabetean 1.021 hegaldi izan dira, 2019ko abenduarekin alderatuta % 30,2 gehiago.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportuko Azken Ordukoak Gaurko albisteak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Gasteizko Aireportua Bidaiak 2023 Donostiako aireportua