Gizartea -

indarkeria matxista

Elkarretaratze jendetsuak egin dituzte Bilbon, San Frantziskon izandako hilketa matxista gaitzesteko

Goizean, ehunka lagun bildu dira Bilboko udaletxe aurrean, San Frantzisko auzoko taberna batean gertatutako hilketa matxista gaitzesteko. Iluntzean, justizia eskatu dute berriro Rebecarentzat, San Frantzisko auzoan egin den elkarretaratzean.

Elkarretaratze jendetsua egin dute Bilbon
Elkarretaratze jendetsua egin dute Bilbon
Elkarretaratze jendetsuak egin dira egun osoan zehar Bilbon, Rebecarentzat justizia eskatzeko

1:32

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iluntzean, justizia eskatu dute berriro Rebecarentzat, Bilboko San Frantzisko auzoan egin den elkarretaratzean. Elkarretaratze isila izan da eta jendetsua. Hilketa matxista gogor salatu dute biktimaren lagun eta auzokideek.

Goizean, ehunka lagun bildu dira Bilboko udaletxe aurrean, San Frantzisko auzoko taberna batean gertatutako hilketa matxista gaitzesteko. Bost minutuko protesta isila izan da 12:00etatik aurrera eskailera nagusian egin dutena. Bertan parte hartu dute, besteak beste, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak, Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, BBBko presidente Itxaso Atutxak, EH Bilduko zenbait ordezkarik eta Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak. 

Protesta bukatu denean, Artolazabalek irmoki salatu du Bizkaiko hiriburuan atzo izandako hilketa. "Rebeca etorkizun hobeago baten bila etorri zen, eta emakume izateagatik bere bizi proiektua ezerezean utzi dute. Ezin ditugu horrelako egoerak onartu. Beharrezkoa da Justiziak esku hartzea, horrelakorik berriro gerta ez dadin eta jendeak jakin dezan hilketak ez direla doakoak", nabarmendu du. Gainera, berdintasunaren alde borrokan jarraitzeko deia egin du, iritzita matxismoaren aurka borrokatzeko bide onena dela.

Aburtok, bestalde, esan du "ezin gara hitz hutsekin eta hurrengoa nor izango ote den pentsatzen geratu". "Beste behin ere, beharrezkoa da gizartearen, erakundeen, Justiziaren eta Poliziaren arteko elkarlana. Hilketak normalean ez dira bat-batean gertatzen, atzean indarkeria matxista oinarri duen istorio gordin bat izaten dute. Horregatik, guztion konpromisoa behar da honetan", azpimarratu du. Azkenik, atzo erahildako emakumearen familiari eta lagunei elkartasuna adierazi die, eta Justiziari eskatu dio zalantzari lekurik uzten ez dion zigorra ezartzea, "emakumearen duintasuna agerian utzita".

"Muturreko biolentzia honen aurrean bide luzea dugu egiteko. Nolabait esku artean ditugun tresnak indartzen jarraitu behar dugu. Berdintasuna aurrera eramateko herri politikari bultzada eman behar diogu. Gaurkoan irudi bateratua eman dugu, eta modu horretan egin behar dugu lan bidegabekeria honekin amaitzeko", nabarmendu du Elgarrestak.

Azkenik, Boliviak Bilbon duen kontsul Henry Vargasek eskerrak eman dizkie agintari eta erakundeei. "Zoritxarrez denok mintzen gaituen gertaera bat da atzokoa, feminizidio kasu bat. Gisa horretako gertaerak salatu nahi ditugu, eta orain gure lana biktimaren familiari babesa ematea eta gorpua Boliviara eramatea da. Familiak duen kontsolamendu bakarra da justiziak behar bezala jokatzea, eta hiltzailea zigortzea", erantsi du.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Zer gertatzen ari da Bilbon? Indarkeria matxista Espainian Euskal hiriburuak Zer gertatu da gaur Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Sexu-abusuen biktimak gaur Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Matxismoa gaur