Gizartea -
EHU
EHUk berriro lizitatuko du, 64 milioiren truke, Bilboko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria
Euskal Herriko Unibertsitateak espero du eraikina 2026-2027 ikasturtean zehar martxan egotea. Joan den abuztuan eraikin berriaren obra-kontratua esleitzeko prozedura bertan behera geratu zen; izan ere, obren adjudikazioa zuen ABEEak uko egin zion proiektuari kostuen igoera argudiatuta.
EITB MEDIA
Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) berriro lizitatuko du, 64,1 milioi euroren truke, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berriaren eraikuntza. Bilbon kokatuko da, Basurtuko Unibertsitate Ospitaletik hurbil, eta enpresek 2023ko otsailaren 3ra arte dute eskaintzak aurkezteko aukera.
Unibertsitatearen aurreikuspenaren arabera, 2023ko maiatzaren bigarren hamabostaldirako kontratua formalizatuko litzateke, eta lanak hilabete geroago hasiko lirateke, hau da, 2023ko ekainaren bigarren hamabostaldian, gutxi gorabehera. Euskal unibertsitate publikoak espero du eraikina 2026-2027 ikasturtean zehar martxan jartzea.
Joan den abuztuan bertan behera geratu zen eraikin berriaren obra-kontratua esleitzeko prozedura; izan ere, obren adjudikazioa zuen ABEEak proiektuari uko egin zion kostuen igoera argudiatuta, unibertsitateak jakinarazi duenez. Egoera horren aurrean, EHUk deialdi berria argitaratu behar izan du, lizitazioaren baldintzak birformulatuta.
"Ustekabeko zailtasunak gainditu behar izan ditugu" adierazi du Eva Ferreira euskal unibertsitate publikoko errektoreak: "Krisi ekonomikoak, kostu energetikoen hazkundearen eta Ukrainako gerraren ondorioz, ezinezkoa egin zuen aurreko esleipena gauzatzea, baina ez dugu etsi gure konpromisoa aurrera eramateko ahaleginean", azpimarratu du.
Sinergia berriak
Eraikin berriak Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintza graduak hartuko ditu, baita Osasun Zientzien arloko zazpi master ofizialak ere: Zahartze Osasungarria eta Bizi Kalitatea; Farmakologia; Ingeniaritza Biomedikoa; Ikerketa Biomedikoa; Mikrobiologia eta Osasuna; Neurozientziak; eta Osasun Publikoa.
Era berean, azpiegitura berriak ikasleak pazientearen errealitatearekin goiz harremanetan jartzea ahalbidetuko du, baita graduko irakaskuntzen arteko koordinazioa hobetzea, ikaskuntza sustatzeko agertokiak sortzea, eta hurbileko zentroekin sinergia berriak sustatzea ere.
Gainera, Ingeniaritza Biomedikoarekin, Familia Medikuntzarekin eta Medikuntza Pertsonalizatuarekin lotutako proiektu berriak bultzatuko ditu, Erizaintza eta Fisioterapia arloak indartu, eta I+G+Bren lehiakortasuna eta emaitzen transferentzia areagotuko ditu, bai oinarrizko ikerketa-taldeen aldetik, bai izaera asistentzialagoa dutenen aldetik.